AKTUALITATEA / Politika instituzionala
PSOEren egoitza nagusira sartu da Guardia Zibila
Leire Diezi egindako ordainketei buruzko informazioa eskuratzeko asmoz sartu omen da UCO unitatea, Auzitegi Nazionalaren aginduz.
2026eko maiatzaren 27 - 08:04
PSOEren egoitza nagusira sartu da Guardia Zibila
— ARGAZKIA @eSPAINews_ (X)

Momentu honetan, Guardia Zibileko Unitate Zentral Operatiboa (UCO) miaketak egiten ari da PSOEren egoitza nagusian, Madrilgo Ferraz kalean. Hainbat hedabideren esanetan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedraz da operazioa agindu eta gidatu duena, alderdiaren "finantziazio ilegalari" buruzko ikerketa baten barruan. Badirudi, aldi berean, Gaspar Zarrias Andaluziako Juntako presidenteorde ohiaren Madrilgo bulegoan ere miaketak egiten ari da UCO.

Zenbait iturrik zehaztu dutenez, Leire Diez PSOEko kide ohiari egindako ordainketa batzuei buruzko informazioa lortzea da Ferrazko egoitzako interbentzioaren asmoa, Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietateari (SEPI) lotutako ustelkeria kasu posiblea dela-eta. Guardia Zibilak 2025eko abenduan atxilotu zuen Diez, kontratu publikoetako "irregulartasunengatik" eta "influentzia-trafikoagatik" batik bat. Kautelazko neurriekin utzi zuten aske.

Aurreko astean bertan atera zen argitara Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente ohia inputatu duela Auzitegi Nazionalak, Plus Ultra auziari lotuta: "influentzia-trafikoan" aritzea eta "talde kriminal" baten parte izatea leporatzen diote, besteak beste. Jose Luis Alacama epaileak deitu du Zapatero inputatu gisa aurkeztera. RTVE-ren arabera, Pedro Sanchez presidenteak gaur bertan egingo du agerraldi bat azken berrien inguruan.

Ustezko 'B Kutxa'

"Delitu ekonomikoei" buruzko unitatearen ikerketek diotenez (sekretupean egin dituzte ikerketak hainbat hilabetez, mezuak, komunikazioak eta bankuko mugimenduak aurkitu ostean, antza), Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzarekin koordinatutako dispositiboak helburutzat du PSOEren barruan atzemandako legez kanpoko finantzaketa-sare bat eta B kutxa bat desegitea. Hurbileko iturri batzuk aipatzen ditu El Confidencial-ek, eta horien esanetan, kontabilitate paralelo batekin eta funts ezkutuak modu iraunkorrean sartuz jarduten zuen Sanchezen alderdiak, Kontu Auzitegiaren kontrola saihesteko diseinatutako sistema baten bidez. Horri esker, deklaratutakoa baino aurrekontu handiagoarekin parte hartu ahal izan du PSOEk hainbat hauteskunde-prozesutan, eta badirudi alderdiko goi-kargudunek aktiboki jardun dutela legez kanpoko dirua ezkutatzeko egituraketa horretan.

Era berean, datu berri batzuek diote, ustez, Leire Diez ezkutuan aritu zela alderdiko "iturgin" gisa, Santos Cerdanekin elkarlanean; eta badirudi Gaspar Zarrias buruzagi andaluziarrak zeukala soldatapean, Zaño Consultora SL sozietatearen bitartez. Bi alderdikide horien etxebizitzak ere erregistratzen ari omen dira gaur, baita Javier Perez Dolset enpresariaren etxea ere.