AKTUALITATEA / Errepresioa
Protestak Berangokoen aurkako epaiketa-egunetan
Datorren astelehenean hasiko da hamasei lagunen aurkako epaiketa Auzitegi Nazionalean, eta mobilizazio-deialdiak egin dituzte bai Madrilen bai Berangon.
2026eko ekainaren 5 - 09:58
Protestak Berangokoen aurkako epaiketa-egunetan

Ekainaren 8an hasiko da Berangoko (Bizkaia) ongietorriaren harira auzipetutako hamasei pertsonen aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Madrilen bertan, mobilizazio-deialdi bat egin dute bertako hainbat mugimenduk, besteak beste Madrilgo Errepresioaren Aurkako Mugimenduak: 10:00etan ekingo diote epaiketari, eta ordu-erdi lehenago, 09:30ean, Auzitegi Nazionalaren aurrean elkarretaratuko dira, Berangoko auzipetuen askatasuna exijitzeko.

Berangon ere antolatu dituzte mobilizazioak astelehenerako: 20:00etan bilduko dira Gudarien Enparantzan. Ekainaren 26ra arte luzatuko da epaiketa, eta judizio-saioak izango diren egun guztietan egingo dituzte kontzentrazioak Berangon: asteleheneaz gain, ekainaren 15ean, 18an, 24an, 25ean eta 26an, alegia. Ordu eta toki berean izango dira mobilizazio guztiak, 20:00etan Berangoko Gudarien Enparantzan.

2022an Ibai Aginaga preso politikoari herrian egindako harreragatik auzipetu dituzte hamasei lagun, tartean Aginaga bera, eta zigor izugarri altuak eskatzen dituzte euren aurka: 36 urtetik gorako espetxe-zigorrak, 171 urteko inhabilitazioak eta 75.900 euroko isunak. Aurreko larunbatean, milaka pertsona mobilizatu ziren Berangon, auzipetuen absoluzioa eskatzeko eta eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeko.

Irakurri hemen GEDAR LANGILE KAZETAk Berangoko auzipetuei egindako elkarrizketa.