AKTUALITATEA / Palestina
Presioari esker, bertan behera utzi dituzte talde israeldarrak lehiatu behar zituen OCRko Txapelketako probak
Hala ere, banaka parte hartuko dute hamabi israeldar kirolarik. Hori dela eta, mobilizazioa deitu dute gaur, ostirala, arratsaldean. Erakunde publikoek txapelketari emandako diru-laguntzek agerian utzi dute Israelen inpunitatea.
2026eko maiatzaren 29 - 09:50
Presioari esker, bertan behera utzi dituzte talde israeldarrak lehiatu behar zituen OCRko Txapelketako probak
— ARGAZKIA Bidasoko Hitza

Hautsak harrotu ditu Irunen (Gipuzkoa) atzo hasi eta igandera arte antolatu duten OCR oztopo-lasterketen Europako Txapelketak. Bertan, dozenaka herrialdetako kirolariak ari dira parte hartzen; artean, israeldarrak. Hala, astearen hasieratik BDZ edota Irun Palestinarekin Ekimena (IPE) Palestinaren aldeko taldeek emandako erantzun antolatuagatik, txapelketaren antolatzaileek bertan behera utzi behar izan dituzte talde israeldarrak lehiatu behar zituen probak.

Ostegunean, selekzioen arteko igandeko proba nagusian Israel Elite herrialdeko talde nagusiak ez zuela parte hartuko iragarri zuen Antxeta Irratiak. Antolatzaileen arabera, segurtasuna eta haien esku "ez zeuden" beste hainbat arrazoi zeuden erabakiaren atzean. Banaka, ordea, parte hartzeko hautua egin zuten proban izena emana zuten hamabi israeldarrek. Ordura artean, proba motzagoetan parte hartu behar zuen Israel Youth gazteen taldeak ez zuen debekurik iragarri.

Protestan jarraitzeko eta kirolari israeldarren parte-hartzea salatzeko, mobilizazioa egingo dute gaur, ostirala, arratsaldean. 19:30ean finkatu dute hitzordua, Irungo San Juan plazan.

Erakunde publikoen eta Israelen arteko harremanak, agerian

Asteazken arratsaldean, agerraldia egin zuten Irungo Peña kalean BDZk, Euskal Herriko OCRko kirolariek, eta IPEk. Hastear zen txapelketaren inguruko prentsa-oharra irakurri zuten orduan, eta hainbat alderdi mahaigaineratu zituzten. Batetik, nazioarteko erakundeek, beste alde batera begiratuz, "itsuarena" egin izana eta talde israeldarren presentzia salatu zituzten. Israelek inpunitate osoa duela nabarmendu zuten. Bestetik, erakunde publikoen jarrera salatu zuten. Hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak (EAJ eta PSE-EE) eta Irungo Udalak (PSE-EE eta EAJ) OCRA España erakunde antolatzaileari 70.000 euro arteko diru-laguntzak eman dizkiote, baina esleipena lehiaketa publiko gabe egin zuten.

Udal-gobernuak, egunotan, "palestinar herriarekiko elkartasuna" eta "jarrera politiko argia" adierazi ditu, baina haren erabaki politikoek ezerezean utzi dituzte Palestinaren aldeko elkartasun-mezuak. Espainiako Estatuko federazioa Europakoaren (European Obstacle Sports Federation) parte da, baita Israel Elite eta Israel Youth taldeak ere. Hori dela eta, astean zehar erakunde publikoek Israelek parte hartu duen ekimen bat diruz lagundu izana salatu dute Palestinaren aldeko taldeek.

Polizia eta israeldarrak jazarpenean

Ahoztar Zelaieta kazetariak El Salto aldizkarian argitaratu duenaren arabera, Palestinaren aldeko taldeetako kideek hainbat presio pairatu dituzte egunotan. Esaterako, Ertzaintzak dagoeneko hainbat atestatu ireki dizkie talde horietako kideei, kartelak jarri izanagatik. Ordena publikoaren alterazioa eta naretasuna egotzi dizkiete. Gainera, IPEren eta txapelketaren antolatzaileen arteko bilera batera agertu, eta plataformari "egingo duzuen edozer ekimen aurrez abisatzeko" ohartarazi zioten.

Horretaz gain, israeldarrak hirian barrena Palestinaren aldeko pegatinak eta kartelak kentzen egon direla zabaldu dute IPEren Telegram kanalean, eta iseka ere egin diete haien jarrera aurpegiratu dieten bizilagunei.