Hona hemen gutuna osorik:
"Gasteizko panorama politikoan bizitzen ari garen ezohiko egoera salatzen daramatzagu azken urteak. Alegia, Txosna Batzordeak GKS eta Etxebizitza Sindikatuari txosnetan parte hartzeko eskubidea ukatzea.
Hemen batu garen kideok modu ugaritan hartu izan dugu parte Txosnetan: sorreratik proiektuan parte hartuz, montajeen parte izanez, hainbat eta hainbat turno eginez, jarduera ezberdinak antolatuz bertan… Betiere espazio ireki eta pluralak izan direlarik, Gasteizko mugimendu sozial eta herrikoiek euren eguneroko lana jai giroan eta aldarrikapenez hedatu ahal izateko.
Txosnak Gasteizko herri mugimenduaren borrokaren fruitu izan ziren. 40 urte hauetan etapa ezberdinetatik pasatu dira, baina beti mantendu izan dute euren izaera herrikoi, ireki eta parte hartzailea; alegia, herri mugimenduko sentsibilitate politiko guztiek eduki izan dute bertan parte hartzeko aukera. Ezberdintasun politikoen gainetik, beti egon izan da adostutako elkarlanerako oinarri bat, txosnak espazio irekiak, autogestionatuak eta jai ofizialekiko alternatiboak izan ahal izateko.
Gasteizko herri mugimendua, ezberdintasun ideologikoetatik haratago, askotan izan da elkarlanean jarduteko hainbat adostasun bilatzeko gai, izan espazio txosnero honetan zein bestelako eremu batzuetan ere. Ezohiko egoera politiko honi behin betiko irtenbidea ematea beharrezkoa dela uste dugu. Kolektibo hauek bertan parte hartu behar dutela iruditzen zaigu, Txosna Batzordea osatzen duten talde ezberdinek dauzkaten baldintza berdinetan.
Parte hartzeko eskubidea ukatzen jarraitzeak ez du herri mugimenduaren garapenean laguntzen, duen zentzurik zabalenean: konfiantzak garatzeko, elkarrekiko errespetua onartzeko, eta elkarlanerako bideak sortzeko, gure aldarrikapenen oihartzuna entzun dadin.
Ezin ditugu gasteiztarrak txosna giroan parte hartzera gonbidatu eta aldi berean herri mugimenduan errotuta dauden kolektiboei parte hartzeko eskubidea ukatu. Ez ditugu halako zentsurak onartzen, ez honetan eta ez beste espaziotan ere. Gure apustua txosnagunean beti izango da kooperazio ireki, plural, horizontal eta autogestionatuaren aldekoa.
Honengatik guztiagatik, gaurdanik, beharrezkoak diren esfortzu guztiak egiteko eskatzen diegu Txosna Batzordeko kolektibo guztiei, diskrepantzia ideologikoen gainetik halako espazio bat partekatu ahal izateko. Oinarri adostu baten baitan, bere jarraikortasuna bermatuko duena, irekia izango dena eta elkarlanerako espazio alternatibo eta autogestionatua izango dena.
Gutun hau izenpetzen dugunok konponbide baten aldeko kontsentsua sustatzen jarraituko dugu, GKS eta Etxebizitza Sindikatuaren parte hartzea bermatuko duena, 2023an egin bezala, herri mugimenduko berrogeita hamar kidetik goraren babesa jaso genuenean. Horregatik, gaurtik eta Gasteizko jaietara arte egoera hau sozializatzen eta babesak jasotzen jarraituko dugu blokeo egoera hau gainditzera bidean".
Gutunaren sinatzaileak:
Iñaki Uribarri
Nerea Perez
Kike Fdz de Pinedo
Ilde Urkijo
Txerra Bolinaga
Miguel Sagarribai
Ruben Sanchez
Gladis Giraldo
Irati Fernandez de Okariz
Ana Pino, Andoitz Aperribai
Bego Oleaga, Eli Zaldua
Imanol Olabarria
Fernando Txiki Antia
Iñaki Txusko Perez
Javi Aguillo
Lucia Moreno
Oier Azkarraga
Paka Robles
Rebeka Gonzalez de Alaiza