AKTUALITATEA / Errepresioa
Otegik ere erosi du Zupiriaren marko kriminalizatzailea
Ertzaintzaren Loiuko kargak fokutik kentzeko, Zupiriak esan zuen uda honetan "istiluak" egotea bilatuko dutela "gazte-sektore batzuek". Bada, sailburuaren hipotesi horri sinesgarritasuna eman dio gaur Otegik, Ezker Abertzaleko gazteria desmarkatzen saiatuz eta beste sektore batzuk salduz.
2026eko ekainaren 9 - 08:25
Otegik ere erosi du Zupiriaren marko kriminalizatzailea

Arnaldo Otegik, EH Bilduko idazkari orokorrak, esan du "kezkaturik" dagoela Bingen Zupiriak maiatzaren bukaeran egindako adierazpenekin. Izan ere, Ertzaintzak Loiuko (Bizkaia) aireportuan Global Sumud Flotillako kideak jipoitu izana foku mediatikotik kentzeko, zerikusirik ez zuen hipotesi bat eraman zuen Zupiriak Eusko Legebiltzarrera: esan zuen "gazte-sektore batzuk giroa prestatzen" ari direla datorren udan "liskarrak eta istiluak sortzeko", ulertzera emanez polizia-indarren aurkako jarrerarekin lotuta egongo liratekeela konfrontazio horiek. Bada, EAEko Segurtasun sailburuak etorkizuneko interbentzio polizial posibleak justifikatzeko egindako adierazpen lauso horiek gezurtatu beharrean, tankerako bide bat hartu du Otegik gaur goizean Radio Euskadin emandako elkarrizketan.

EH Bilduko buruak, hain zuzen ere, sinesgarritasuna eman die Zupiriaren hitzei. "Kezka" adierazi du lehenik eta behin, baina jarraian erakutsi du nondik datorkion "kezka" hori: "Sailburuak esaten duenean, eta erantzukizunak esleitzen dituenean, uda honetan norbaitek istiluak bilatuko dituela, nik gauza bat esango diot: guk ez. Guk ez; ez dugu inolako istilurik nahi uda honetan". 

Ezker Abertzaleko gazteria Segurtasun Sailaren kriminalizazio-esparrutik kentzen saiatu ostean, gainera, beste sektore batzuk seinalatu nahi izan ditu Otegik: "Nago badela uda honetan istiluak egoteko interes handia duen jende bat, eta ez da ezker independentista. Beraz, ikus dezagun ea denok gai garen nahikoa ardurarekin jokatzeko". Horrekin batera esan du "politikak ohe-kide arraroak" sortzen dituela, iradokiz arerioak diren zenbait sektore elkarren eskutik doazela "uda honetan liskarrak egon daitezen"; eta Segurtasun sailburuak sortutako marko kriminalizatzailea erosi du hala. "Batzuetan gosea eta jateko gogoa elkartzen dira", gaineratu du.