Euskal Herriko musika-munduko 126 kulturgilek manifestu bat sinatu dute berriki, Denok gara kultura (DGK) izenburutzat hartuta. Izan ere, "beharrezkotzat" jo dute "iritzia ematea", "Euskal Herriko Erakunde Publikoek musika-proiektuei, artistei, taldeei eta kulturarekin zerikusia duten hainbat eragileri diru publikoa esleitzeko gardentasunaren eta aukera-berdintasunaren beharraz irekitako eztabaidaren ondorioz".
Denok gara kultura adierazpenaren bitartez, sinatzaileek aldarrikatu dute "kulturara bideratutako baliabide publikoak gardentasunez, irizpide publikoekin eta kultura-sare osorako mekanismo irisgarriekin kudeatu behar direla". Horiek horrela, gaitzetsi egin dute "diru publikoa zalantzazko gardentasuna duten prozeduren bidez ematea, era honetan ez baita aukera-berdintasuna bermatzen guztiontzat"; eta kezka erakutsi dute "erabaki horien bidez bultzatzen ari den kultur ereduari dagokionez". "Gardentasuna eta ekitatea eskatzen ditugu diru publikoaren banaketan", gaineratu dute.
Fermin Muguruzak aurrez ere mahaigaineratu zuen auzia, Etxepare Euskal Institutua Musika Saria jasotzean egindako hitzaldian; eta Aurka kolektiboak ere egin zuen "euskal mainstream-ari" buruzko "erradiografia" bat jakin zenean 300.000 euroko dirulaguntza bat jasoko zuela En Tol Sarmiento (ETS) musika-taldeak, Eusko Jaurlaritzaren partetik.
Hona hemen sinatzaile guztien zerrenda:
