AKTUALITATEA / Soldata sistema

Michelineko buruak dio ez dagoela bermatuta lau lantegiek aurrera jarraituko dutenik 10 urteren ondoren

Gasteizen, Lasarte-Orian, Aranda de Dueron eta Valladoliden daude Michelinen Espainiako Estatuko lau lantokiak, eta automobilgintzako ezegonkortasuna argudiatu du Cesar Moñuxek etorkizuneko murrizketa posibleez ohartarazteko.
2026eko urriaren 20 - 09:06
Michelineko buruak dio ez dagoela bermatuta lau lantegiek aurrera jarraituko dutenik 10 urteren ondoren
— ARGAZKIA Michelin

Michelin multinazionalak Espainiako Estatuan dituen lau fabriketatik bakar batek ere ez dauka bermatuta bere jardunarekin jarraitu ahal izango duenik 2036. urtetik aurrera. Horixe da enpresak Espainiako Estatuan eta Portugalen daukan buruak, Cesar Moñuxek, oraintsu egin duen ohartarazpena.

Euskal Herrian daude enpresaburuak jomugan ipini dituen lau lantokietatik bi, Gasteizen eta Lasarte-Orian hain zuzen ere, eta Aranda de Dueron eta Valladoliden beste biak. Gasteizko fabrika da estatu osoko handiena, 3.300 langile ingururekin, eta gainerako hiruretan 7.300 bat dira guztira.

Gasteizen antolatutako foro batean parte hartu zuen aurreko astean Moñuxek (Gasteizko Michelineko zuzendaria izan zen bere garaian), eta bertan ohartarazi zuen hamar urte barru egon daitezkeen murrizketa posibleez. Zalantzak sortzea justifikatzeko, automobilgintzan gaur egun izaten ari den "egoera erabakigarriari" egin zion erreferentzia, lehengaiak lortzeko "ziurgabetasuna" eta "gatazka geopolitikoak" aipatuz.