AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Metalgintzako langileek kontraeskaintza luzatu diote patronalari
Mobilizazioei eutsiko diete Bizkaiko metaleko beharginek, Enpresen Federazioari presioa egiteko. Izan ere, salatu dutenez, patronalak egindako eskaintzak langileen egoera "modu arinean" baino ez du hobetzen. Iragan asteazkenean protesta egin zuten Barakaldon, eta bortizki oldartu zitzaien Ertzaintza. Poliziaren etengabeko presioa ere salatu dute langileek.
2019eko azaroaren 8
Metalgintzako langileek kontraeskaintza luzatu diote patronalari

Bizkaiko metaleko langileek kontraeskaintza aurkeztu dute, iragan astean patronalak egindako eskaintzari erantzuteko. Bi aldeen arteko solasaldia abenduaren erdira arte luzatuko da beraz, eta astean hiru aldiz bilduko dira.


Hala, sindikatuek hiru puntu gehitu dizkiote mahaira ateratako proposamen berriari: malgutasuna zein behin-behineko kontratazioa alde batetik; aldi baterako enpresen bidezko kontratazioa bestetik; eta genero berdintasunerako planak, azkenik.


Oldarraldia

Herenegun, negoziaketen blokeo egoera salatzeko eta protesta egiteko, Barakaldoko (Bizkaia) BECen aurrean elkartu ziren beharginak. Haien aurka oldartu zen Ertzaintza, eta kolpeka eragotzi zien eraikinean sartzea. Bestalde, Poliziaren etengabeko presioaren berri eman dute azken egunetan langileek. Besteak beste, ertzainek egindako telefono deiak salatu dituzte.