2026ko Aste Nagusian ere indar handiz aldarrikatu dute Luberri Konpartsak eskubidea duela gainerakoen modura jaietan parte hartzeko. 2023an egin zuen Bilboko Konpartsetan sartzeko eskaera, baina ezezkoa eman zion Konpartsen Federakundeak, eta, gaur egun ere, bere horretan mantentzen du betoa, konpartsen gutxiengo batek bultzatuta. Luberriko kideek joan den maiatzean salatu zutenez, hilabeteak igaro dituzte Federakundeari "egoera bideratzeko eta elkarrizketa sustatzeko proposamen zehatzak" egiten, baina urte honetan ere ez diete utzi normaltasunez parte hartzen.
Dena den, gainerako konpartsa batzuek euren espazioa utzi izanari esker, aurtengo Aste Nagusian ere ekimen ugari egin ditu Luberrik, konpartsa horiekin elkarlanean: musika-emanaldiak, poteo ibiltariak... Abuztuaren 23ko Bada Garaia Eguna izan da hitzordurik nabarmenetako bat, Luberrik espazio propio bat izan behar duela aldarrikatzeko, Arriaga Plaza hartu baitzuten ehunka lagunek bertan kontzertu bat egiteko; eta abuztuaren 28ko Luberri Egunak ere garrantzia berezia izan zuen, konpartsak eskubidea duela erreibindikatzeko asmoz, bazkari handi bat izan baitzen Askapeñan. Horren ondoren, hainbat musika-emanaldi izan ziren bertan.
Aurtengo ekimenetan eta horren ostean, zenbait aldarriri eman diete azpimarra: Luberriren "ezohiko egoera" bukatu dadila eta "Aste Nagusian normaltasunez parte hartzeko eskubidea" izan dezala. Oraingoan inoiz baino babes handiagoa izan dute eskaera horiek, eta horren adierazle dira Luberrik martxan daukan sinadura-bilketa eta Euskal Herriko 450 kulturgilek baino gehiagok betoaren kontra sinatu duten manifestua.
