AKTUALITATEA / Abortatzeko eskubidea
Lau hilabetean, Osakidetzak 322.372 euro bideratu ditu abortu-klinika pribatuetara
Kontrakoa zin egin arren, Jaurlaritzak zerbitzua pribatizatzen jarraitzen du. Ondorioak argiak dira: abortu-eskubidearen urraketa, irabaziak enpresa pribatuentzat eta abagune egokia abortuaren kriminalizaziorako.
2026eko ekainaren 5 - 05:52
Lau hilabetean, Osakidetzak 322.372 euro bideratu ditu abortu-klinika pribatuetara
Abortatzeko eskubidearen aldeko protesta bat, Gasteizko Itaiak antolatuta.

2026ko lehenengo lau hilabeteetan zehar, Osakidetzak 322.372 euro bideratu ditu abortu-klinika pribatuetara, 1.352 kasu arta zitzaten. Alegia, batez beste, 238 euro balio izan ditu interbentzio bakoitzak. Alberto Martinez Osasun Sailburuak (EAJ) eman du datuon berri.

Egoera hau ez zen bart gauean hasi: 2023an, Eusko Jaurlaritzak aitortu zuen abortu kasuen %95 bideratzen zituela klinika pribatuetara. Hori horrela, joan den urteko urrian agerraldia egin zuen Imanol Pradales lehendakariak (EAJ) Eusko Legebiltzarrean. Kasu hartan, politikariak baieztatu zuen abortu-eskubideak "justizia soziala", "osasun publikoa", eta "giza-eskubideak" bermatzen zituela. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) emakume "guzti-guztiek" abortu-eskubidea bermatuta dutela adierazi zuen; "aukera-berdintasunekin, sarbide unibertsalarekin, eta osasun-sistemaren baitan". Hori gutxi ez eta Pradalesek, agerraldi hartan, zera esan zuen Osakidetzako zerbitzuei buruz: aurtengo urtetik aurrera, eta "progresiboki", Osakidetzak "bere zentro eta baliabideekin artatuko" zituela "haien haurdunaldiak nahita eten nahi dituzten emakume guztiak".

Hein batean, harridura piztu zuten hitz horiek, urtebete lehenago, 2024ko urrian, Martinezek argi eta garbi azaldu baitzuen Osasun Sailak abortu-zerbitzua kanpora ateratzen jarraituko zuela. Ez da nabari lehendakariak enpresa pribatuekin harremana eteteko asmorik duenik, eta EAEn abortu kasuen gehiengoa klinika pribatuetan artatu ohi da, Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak seinalatu izan duenez.

Pribatizazioaren ondorioak: negozioa eta hertsapena

EAEn, urtero-urtero, 4.200 emakume inguruk jotzen dute abortu-zerbitzuetara. Hala, osasun-sistema publikoa haietaz arduratzen ez denean, klinika pribatuetara jo behar izaten dute. Horrek, ordea, ez du berehalakoan kalitatezko zerbitzua bermatzen, errentagarritasun ekonomikoan oinarritutako eredua baita gaur egungoa.

Ondorioak, argiak dira: Eusko Jaurlaritzaren osasungintza-ereduak milaka emakume langileren abortu-eskubidea urratzen du, enpresa pribatuei milaka euroko irabaziak sortzen dizkie, eta abagune egokia ireki du antiabortistek abortua kriminalizatu dezaten. Izan ere, azken urteotan, Euskal Herriko hainbat hiriburutan elkarte ultrakatolikoek eta antiabortistek elkarretaratzeak egin dituzte klinika pribatuen aurrean; inpunitate osoz, gainera. Mobilizazio horiek abortua kriminalizatu eta zerbitzua baliatu nahi izan duten emakumeak hertsatzeko baliatu dituzte. Jazarpen kasu horietako bat auziperatu zuten 2025eko azaroan, Gasteizko (Araba) epaitegietan. Ordu hartan, Arabako hiriburuko Askabide klinika pribatuaren aurrean emakumeak eta langileak hertsatzen aritu ziren 21 ultrakatoliko auziperatu zituzten. Arrazoi horiengatik, kasua Europako lehenengoa izan zen. Bada, iragan abenduan atera zen sententzia: epaileak absolbitu egin zituen auziperatuak.

Eskubidearen unibertsaltasunaren aldeko eta pribatizazioaren nahiz kriminalizazioaren aurkako borroka

Arestian aipatutako guztiagatik, denbora da Itaiak irmo heldu diola abortuaren aldeko borrokari. Esaterako, batetik, 2024an Bizkaiko Osasun Delegaritzan eta Gurutzeta Ospitalean (Barakaldo, Bizkaia) elkarretaratzeak antolatu zituen, Osakidetzak abortu-eskubidea urratzen duela eta zerbitzua pribatizatzen duela salatzeko.

Bestetik, bere egin du elkarte antiabortisten kriminalizazioari aurre egiteko ardura: 2025eko martxoan, Donostiako (Gipuzkoan) Easo plazako klinikaren aurrean elkartu ziren hainbat antiabortista, baina Itaiak elkarretaratzea egin zuen haien aurrean, eta abortuaren aurkako kriminalizazioari aurre egin zion. Horretaz gain, iazko abenduan ultrakatolikoen aurkako auziko epailearen sententzia salatu zuen Gasteizko epaitegien parean, eta abortu-eskubidearen aldeko mobilizazioak egin ditu azken hilabeteetan, antiabortistak elkarretaratzen diren lekuan kasu: "Gogor salatu nahi dugu kontzentrazio horien helburu bakarra emakumeak zein klinikako langileak kriminalizatzea dela".

Otsailean eta martxoan zehar, 40 egunez, antiabortistak inpunitate osoz aritu ziren elkartzen Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Erantzuna emateko asmoz, Itaiak protestak antolatu zituen, besteak beste, martxoaren 26rako, Bilbon eta Gasteizen. Horregatik guztiagatik, antolakunde sozialistak abortuak "doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa" izan behar duela aldarrikatu du uneoro.