AKTUALITATEA / Errepresioa
Josu Bujandak ertzainburu kargua utziko du
"Kontzientzia lasai" eta "babestuta" sentitu dela adierazi badu ere, azken urteotan hainbat eskandaluren protagonista izan da Ertzaintza.
2026eko ekainaren 10 - 06:06
Josu Bujandak ertzainburu kargua utziko du
— ARGAZKIA Ertzaintza

Josu Bujanda Zalduak ertzainburu kargua utziko du. Joan den igandean eman zuen albistearen berri, Arkautiko (Araba) polizia-akademian. Duela 43 urte egin zen ertzain, eta azkeneko zortzi urteetan ertzainburu izan da.

Bujandak dio "kontzientzia lasai, egin nezakeen guztia eginda eta, denok bezala, hainbat akatsekin" utziko duela kargua. Gainera, une oro "babestuta" sentitu dela argitu du jarduneko ertzainburuak, "une txarrenetan" bereziki; eta Ertzaintzako talde-lana goraipatu du.

Besteak beste, Imanol Pradales (EAJ) lehendakariak Bujanda zoriondu eta haren ibilbidea goretsi du. "Zorionak Josu, eta eskerrik asko urte hauetako guztietako lanagatik", idatzi du agintariak sare sozialetan. Oraindik, Segurtasun Sailak ez du Bujandaren oinordekoaren berri eman.

Ertzaintzaren biolentzia zenbakitan

Bujandaren kontzientzia lasai badago ere, ezin dira estali azken urteotako hainbat auzitan Ertzaintzak izan dituen ardura eta jokabidea. Poliziaren izatezko arrazoiei eta estatuaren bilakaera autoritarioari lotuta, eskandalu ugari argitaratu dira Bujanda ertzainburu zela. Diario Socialista-k honako hauek jaso ditu, besteak beste: dozenaka ertzain ikertu eta auzipetu dituzte narkotrafikoagatik, lanean drogak hartu izanagatik, indarkeria matxistaren biktimak erasotu izanagatik, Osakidetzako zuzendaritza-postuak lortzeko dokumentuak faltsutu izanagatik, ertzain bat ikerketapean zegoenean frogak desagertu izanagatik, Arkautiko azterketak filtratu izanagatik, edo trafiko-isunetatik eskuratutako diru publikoa lapurtu izanagatik.

Eskandalu horiei guztiei, gainera, agerraldi publikoetako indarkeria poliziala gehitu behar zaie. Esaterako, 2024ko Tolosako (Gipuzkoa) Inauterietan Ertzaintzak kargatu zuenean, hainbat gazte zauritu zituzten begian edo buru aldean foam jaurtigaiekin emanda. Horrez gain, Amaia Zabarte donostiarra buruan jo zuten foam bala batekin 2024ko martxoan; baita beste pertsona bati lepoa kaltetu ere, gertakari berdinetan. Hurrengo urtean, 2025eko apirilean, Bilboko (Bizkaia) Etxarri II Gaztetxea indar handiz desalojatu zuen Ertzaintzak. Desalojoaren aurkako protesten kontra kargatu zuen Ertzaintzak, eta agente batek Iker Aranari tiro egin zion testikuluetara, distantzia laburrera zegoela. Ondorioa latza izan zen: Aranak barrabil bat galdu zuen. 2025eko urriaren 12an, Falangearen eskutik helduta, Ertzaintzak antifaxisten aurka kargatu zuenean Gasteizen (Araba), Aritz Ibarra jo zuten foam jaurtigailuz. Ordu hartan, masailezurra hautsi eta beste hainbat lesio eragin zizkioten. 

Adibide horietan eta askoz ere gehiagotan, Ertzaintza mobilizazio politiko eta sozialen aurkako bitartekari zuzena izan da: etxebizitza eta Gaztetxeen desalojoetan; Palestinaren aldeko eta genozidioaren aurkako harrera, manifestazio eta elkarretaratzetan, propaganda politikoaren aurkako erasoetan, etab. Urrutira joan gabe, iragan asteburuan, hainbat eragile politiko eta sozialek indarkeria poliziala eguneroko ogi dutela adierazteko agerraldia egin zuten; eta, horregatik, mobilizazio bat antolatu dute ekainaren 20rako, Bilbon. Ertzaintzaren bortizkeria eta Eusko Jaurlaritzaren kriminalizazio-kanpaina salatuko dituzte.