AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak
Iruñerriko hainbat auzotako maizterrak lehen pausoak ematen ari dira Testaren aurkako borrokan
Asanblada orokor bat egin zuten atzo hainbat bloketako bizilagunek, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren eskutik. Ehunka pertsona daude arriskuan Iruñerrian, babes ofiziala galdu baitute euren etxeek; Testa Residencialek erosi zituen 2017-2019 artean.
2026eko ekainaren 1 - 07:23
Iruñerriko hainbat auzotako maizterrak lehen pausoak ematen ari dira Testaren aurkako borrokan

Atzo, maiatzaren 31n, Testa Residencial putre-funtsaren jabetzako etxeetan bizi diren dozenaka lagun bildu ziren Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituriko asanblada orokorrean. Hainbat bloketako bizilagunek asteak daramatzate sindikatuarekin batera antolatzen, eta orain "bloke guztien artean indarrak batzeko garaia" dela ondorioztatu dute.

Asanbladan, bloke bakoitzaren egoera partekatu, arazo komunak identifikatu, zalantzak argitu eta auzoen arteko borroka bateratuaren lehenbiziko urratsak definitu zituzten. Hala, "datozen asteetan kaltetutako bizilagunak hainbat ekimen egiten hasiko dira, haien egoera sozializatzeko eta eskakizunak plazaratzeko helburuz", sindikatuaren esanetan.

Testa Residencial putre-funtsa Nafarroako errentatzailerik handiena da, sindikatutik jakinarazi dutenez. Iruñerrian, zehazki, 500 etxebizitza baino gehiago ditu alokairuan. Etxe horiek Artikaberrin, Errotxapean, Ipar Etxabakoitzen, Sanduzelain eta Buztintxurin daude, eta hasiera batean alokairuko Babes Ofizialeko Etxebizitza gisa sustatu ziren arren, 2017tik aurrera kalifikazioa galtzen hasi ziren. Testak etxeak erosi zituen orduan, eta handik gutxira prezio-igoerak iragarri zizkien maizterrei.

Bizilagunek Hipotekak Kaltetutakoen Plataformarekin (PAH) batera egindako borrokari esker, Nafarroako Gobernuak eta Testak akordio bat sinatu zuten igoerak mugatzeko eta bizilagunak diruz laguntzen jarraitzeko, baina akordioaren amaiera gertu dago, eta Testak etxebizitzak merkatu librean saltzeko asmoa erakutsi du. Horretarako bizilagunak kanporatu nahi ditu, baina gehienek haien etxeetan bizitzen jarraitu nahi dute. Horrexegatik jo dute borrokara.