AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak
Igandean egingo dute asanblada lehen babes ofizialekoak ziren eta orain Testarenak diren etxeetako bizilagunek
Babes ofizialekoak izandako etxeak erosi ondoren, horiek saldu nahi ditu Testak, eta Iruñerriko 500 bat pertsona daude arriskuan. Asanbladak egiten ari dira hainbat bloketan.
2026eko maiatzaren 26 - 07:55
Igandean egingo dute asanblada lehen babes ofizialekoak ziren eta orain Testarenak diren etxeetako bizilagunek

Heldu den igandean, Iruñerrian, asanblada orokorra eginen dute Testa Residencial enpresaren jabetzakoak diren hainbat etxebizitzatan bizi diren pertsonek: lehen babes ofizialekoak ziren etxe horiek, baina Testak eskuratu ditu gerora, eta arriskuan daude maizterrak. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin antolatu dira hainbat bloketako auzokideak, eta asanbladak egiten ari dira egoerari aurre egiteko. Igandean bilera orokor bat egingo dute, besteak beste, Ipar Etxabakoitz, Errotxapea eta Artikaberrin Testaren etxeetan bizi diren eta kontratua amaitzear duten bizilagunek.

Etxebizitza horiek, 30 urtez alokairu babestuko araubidekoak izan ondoren, etxebizitza babestuen kalifikazioa galdu zuten, eta Testa Residencialek erosi zituen 2017. eta 2019. urteen artean. Une horretatik aurrera, 2020an, Nafarroako Gobernuak eta Testa Residencialek eginiko akordio baten bidez adostu zen alokairu horietarako dirulaguntza publikoa emanen zela hurrengo zazpi urteetarako. Orain ordea, alokairu-kontratuen indarraldia bukatu ahala, etxeak saldu nahi ditu Testak; Blackstone putre-funts estatubatuarrari lotua dago. Horren ondorioz, ehunka lagunek utzi beharko dituzte beren etxeak, eta auzokideek salatu dute bai etxejabea bai Grupo Larrabide finka-administratzailea ez direla haiei dagozkien funtzioak betetzen ari. Izan ere, uko egiten diote etxeetan beharrezko konponketak egiteari eta etxebizitzek behar dituzten oinarrizko mantentze-lanak egiteari.

Kalteturiko bloke batzuetako auzokideek asteak daramatzate Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin antolaturik; orain arte, atez ate ibili dira ahal bezainbeste bizilaguni borrokara batzeko deia eginez, eta, haien egoera jakina ezagutu nahian, kontsulta juridiko partikularrak zein bloke osoari buruzkoak ebatzi ditu sindikatuak. Horiek horrela, bizilagunen asanbladak izan dira bloke bakoitzean. Igande honetan, zenbait etxebizitzatako bizilagunak elkartuko dira asanblada orokor batean; "esperientziak eta kezkak bloke bakoitzetik haratago partekatzeko, epe ertaineko eta luzeko helburuak ezartzeko eta helburu horiek lortzeko borroka-metodoak diseinatzeko", sindikatuaren esanetan.