AKTUALITATEA / Errepresioa
Hondarribiko EAJk propaganda politikoaren aurkako mozio bat aurkeztu du
Mozioaz gain, azken asteotan argitalpen ugari egin ditu EAJk sare sozialetan, antolakunde politikoen eta militanteen propaganda seinalatuz. Adierazpen-askatasuna eta propagandarako eskubidea aldarrikatu ditu Bidasoko GKSk.
2026eko ekainaren 5 - 09:42
Hondarribiko EAJk propaganda politikoaren aurkako mozio bat aurkeztu du
Artxiboko irudi bat. — ARGAZKIA Bidasoko Hitza

Bidasoko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) Hondarribiko (Gipuzkoa) Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) jarrera salatu du. Izan ere, herriko propaganda politikoaren aurkako mozio bat aurkeztu zuen iragan astean, Hondarribiko osoko bilkuran. Orduan, zera adierazi zuen Juan Luis Silanes EAJko zinegotziak: "Egia da gure herriko kale asko pintaketaz, pankartaz eta kartelez beteta daudela. […] Herriaren irudia are gehiago kaltetuz". Horretaz gain, alderdiaren "obsesioa" salatu du GKSk, azken asteotan, jeltzaleek hamabi argitalpen egin baitituzte Instagram sare sozialeko haien profilean: den-denetan, antolakunde politikoen eta militanteen mezuak gaitzetsi dituzte.

Sare sozialetan argitaratu duen bideoan, alde batetik, alderdi politikoak kanpora begira duen kezka salatu du Bidasoko GKSk; eta, bide batez, ezikusiarena egiten dutela herriko langile-klasearen eguneroko arazoekin: besteak beste, etxebizitzen prezioa edo masifikatutako turismoaren ondorioak. Jeltzaleen herri-eredua "postalezkoa" dela azpimarratu dute; eta, eredu horretan, herritarrek "ez dutela hitzik". Antolakundearen iritziz, "herriaren irudiarentzat", egiaz kaltegarria dena EAJren politika da: Aitor Kerejeta alkate ohiak (EAJ) interes ekonomikoak zituen Zaldunbordako makroproiektuan; Aitor Elorza enpresari eta EAJko kideak aitortu zuen Hondarribiko Udalak proiektu publikoak nahita esleitzen zizkiola. Hori gutxi balitz, Hondarribian higiezinen espekulazioa ohikoa dela nabarmendu dute. Beraz, propaganda politikoak gizarteko arazoak ikusarazteko balio duela adierazi du gazte-antolakundeak, eta kale-mailako antolakundeek lan egiteko behar-beharrezkoa dela: "Ikusiak ikusita, gure herria aldarrikapenez betetzeko eskubidea eta betebeharra ditugu".

Bestalde, bide horretatik, Irungo (Gipuzkoa) egoerara hurbiltzeko arriskua nabari dute. Izan ere, bertan, udalak (PSE-EE) GKS eta Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistako kideak jazarri ditu; bai pegatina bat jartzeagatik, bai pintaketa matxistak estaltzeagatik.