Olaztiko (Nafarroa) Cementos Portland enpresako langileek gaur dute hirugarren lanuztea. Hiru greba-egunetara deitu zuen langile-batzordeak (ELA eta UGT), ekainaren 8rako, 9rako eta 10erako hain zuzen ere, eta lehenengo egunetik (astelehenean) lortu zuten beharginek ekoizpena gelditzea. Baja medikoan dauden hainbat langile enpresaren aldetik jasaten ari diren "jazarpen eta intimidazio kanpaina" gaitzesteko jo zuten mobilizaziora, baita hitzarmen kolektiboaren negoziazioan aurrerapausoak exijitzeko ere. Izan ere, blokeaturik daude itunari buruzko elkarrizketak.
130 langilek jarduten dute Olaztiko lantegian, eta sindikatu deitzaileen arabera, erantzun zabala izan du greba-deialdiak. Enpresak jarrera berdinarekin jarraitzen badu eta negoziaketan aurrerapenik ez bada, datozen asteetan mobilizazioak areagotu daitezkeela adierazi dute.