Txantreako (Iruñerria, Nafarroa) Maiatzak 1 Gaztetxearen kontrako prozesu judizial bat dago zabalik, eta horren barruan, gaur egin diete epaiketa auzoko bi gazteri. Goizeko 09:30ak jota hasi da judizioa, baina ordu-erdi lehenago hasi da auzipetuei babesa emateko eta Gaztetxea aldarrikatzeko elkarretaratzea: 09:00etan, epaitegi aurrean bildu dira hainbat eta hainbat gazte, Oztopoen gainetik, Txantreako M1 Gaztetxea aurrera lelopean.
Haustura Gazte Langileon Asanbladak martxoaren bukaeran egin zuen agerraldi bat, epaiketaren data jakinarazteko. "Gure elkartasun eta indar guztia helarazi nahi dizkiegu auzoko bi gaztei, lan desinteresatua egiteagatik eta Gaztetxearen proiektua elikatzeagatik jazarriak izango direlako", adierazi zuten bertan Txantreako kideek. Gaurkoan gogorarazi dutenez, Hausturak bi urte daramatza lanean, "aisialdi alternatiboa eskaintzen" eta auzoko gazteak politizatzen, eta lan hori sakontzeko jarri zuten martxan Maiatzak 1 Gaztetxea. Iazko urriaren bukaeran eman zuten espazioaren irekieraren berri, eta proiektuaren aurka izaten ari diren oztopoak salatu dituzte asanbladatik, gaurko epaiketa kasu.
Oztopoak oztopo, Maiatzak 1 Gaztetxeak martxan segitzen du, eta Haustura indartsu eta "motibaturik" dago. "Lan handia dago proiektu honen atzean eta argi utzi nahi dugu Gaztetxea ez dela espazio huts bat, baizik eta proiektu oso bat. Lanean jarraituko dugu", azaldu dute gaur bertako kideek. Euskal Herrian Gaztetxeen aldeko mugimenduan eta espazio berrien eskuratzean izaten ari den olatua aipatu dute, gainera: elkartasuna helarazi diete Euskal Herrian Gaztetxeen alde buru-belarri ari diren guztiei eta, bereziki, Errotxapeko Subegi Gaztetxeko kideei (Poliziak apirilaren 25ean hustu zuen Gaztetxe berria).