AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/27 08:14

Maiatzak 1 Gaztetxea aurkeztu zuen larunbat arratsaldean Txantreako (Iruñerria, Nafarroa) Haustura Gazte Langileon Asanbladak, egun osoko egitarau baten ostean. Goizetik hasita izan zen Gaztetxeen Aldeko Eguna, Auzotegin: Euskal Herriko Gaztetxeei buruzko mahai-ingurua egin zuten lehenengo, bazkari jendetsu bat gero, eta arratsaldean, ekitaldi baten bidez eman zuten Txantreako Gaztetxearen irekieraren berri, auzoko gazte ugari bertan zirela.

"Ezinbestekoa da Txantreako gazteok antolatzea eta gure interesen alde borrokatzea, eta horretara dator, hain zuzen ere, auzoko Gaztetxea", dio asanbladak. Azaldu dute Maiatzak 1 ez dela "espazio huts bat, proiektu oso bat baizik". Horiek horrela, gaur egungo "testuinguru gordinari aurre egiteko" eta "gazte langileon interesei erantzuna emateko" baliatu nahi dute Gaztetxea; eta, "proiektu askatzaile baten pean", aukera emango du "auzoko gazteok elkar harremantzeko, antolatzeko, politizatzeko eta kapitalismoaren logikatik kanpo bestelako aisialdi-eredu bat eskaintzeko".

Duela bi urte sortu zuten Haustura, eta ordutik ari da lanean "gazte langileon politizaziorako eta antolakuntzarako ekimenak" prestatzen: "Gazte Eguna, debeku guztien gainetik jaietako gazte-egitaraua, kultur eta aisialdi egitarauak, hitzaldiak...". Lan hori guztia eginez, "ondorio garbi bat atera" dutela diote Hausturako kideek: "Txantrean, gazteok biltzeko, antolatzeko eta politizatzeko espazio baten beharra dugu".

"Despolitizazio eta desmobilizazio garai honetan antolakuntza eta borrokarako kultura hedatzen lagunduko duen tresna izan behar da Gaztetxea", nabarmendu dute asanbladako kideek: "Gazte langileok gure kabuz antolatzen eta gure gaitasun propioak eraikitzen jarraitu behar dugu, instituzioen eraginetik kanpo".

Gaztetxeak Iruñerrian

Maiatzak 1 ez da "Iruñerrian ireki den lehenengo Gaztetxea, eta ez da azkena izan behar". Gogora ekarri dutenez, "Iruñerrian hamaika izan dira irekitako Gaztetxeak, batzuk indarrez desalojatuak eta beste batzuk gaur eguneraino bizirik mantendu direnak: Maravillas, Errotxapea, Burlata eta Zizurko Esparru Gaztetxeak, besteak beste".

Proiektu horiek guztiak "gazte askoren lan militante desinteresatuari esker eraiki" dituztela azpimarratzarekin batera, defendatu dute Gaztetxeek "antolakuntzaren eta borrokaren kultura Iruñerriko txoko guztietara zabaltzen lagundu" dutela. Horregatik diote Hausturak "borroka-dinamika horri bere ekarpen xumea" egin nahi diola Maiatzak 1 Gaztetxearen bidez, "jardun aktiboa bermatuko duen espazioa eraikiz eta Gaztetxeen aldeko dinamikara batuz".

EZ DAGO IRUZKINIK