AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Gutxienez hamabost emakumeri eraso diete ziztada bidez Arrangoitzeko festetan
Asteburuan gertatutako bi eraso atera ziren argitara lehenengo, baina horren ostean, beste hainbat kasu salatu zituzten. Ipar Euskal Herrian gora doaz ziztada bidezko erasoak.
2022ko ekainaren 14
Gutxienez hamabost emakumeri eraso diete ziztada bidez Arrangoitzeko festetan

Atzo jakinarazi genuen kazeta honetan bi emakume gazte ziztatu zituztela Arrangoitzeko (Lapurdi) festetan. Dena den, bi eraso horiek salatu ostean, asteburu berdinean eta leku berdinean izan diren kasu gehiago eman dituzte argitara: antza, gutxienez hamabost dira Arrangoitzeko jaietan ziztada bidez erasotuak izan diren emakumeak.

Ipar Euskal Herriko Itaiak maiatz erdialdean salatu zuen, ordura arte, ziztada bidezko gutxienez bost eraso izan zirela aurreko asteetan. Horietako batean, sexu-erasoa ere egin zioten emakume bati. Ipar Euskal Herrian, hala, gora doaz ziztatuta egindako erasoak.

Maiatzean bertan azaldu zutenez, Frantziako Estatuan atzeman diren kasuetan ez dute guztiz argitu zein substantzia ziztatzen dieten biktimei. Sintomak, baina, zenbait drogak eragiten dituztenen antzekoak dira: paralisi txikiak, zorabioak, goragalea, eta abar.