AKTUALITATEA / Errepresioa

Gutxienez bi hildako Parisen aurreko asteburuko protestetan

Igande gauean, Châteleten izandako karga polizialetan galdu zuen bizia pertsona batek, eta larunbatean, beste gizonezko bat hil zen hiri berean; bertsio ofizialak dio bihotzeko batek jota izan zela.
2026eko urriaren 20 - 06:50
Gutxienez bi hildako Parisen aurreko asteburuko protestetan
— ARGAZKIA AFP/Emmanuel Dunand

Joan den asteburuak balantze izugarria utzi du Frantziako Estatuan, errepresioari eta bortizkeria polizialari dagokienez: bizitzaren garestitzearen kontra izan diren mobilizazio sozial erraldoietan, gutxienez 2.400 atxilotu, ehunka zauritu (horietatik lau larriki) eta bi hildako izan dira.

Parisen eman dute bi heriotzen berri. Protesten lehen egunean, larunbatean, gertatu zen lehenengoa: bertsio ofizialean esan dute bihotzeko batek jota galdu zuela bizia gizon batek. Dena den, gerora sare sozialetan zabaldu diren hainbat irudik eta informaziok zalantzak piztu dituzte, izan ere, iradokitzen dute Poliziak pertsona hori bortizki jipoitu zuela lehenengo. Momentuz, ez dituzte gertakariak argitu.

Bigarren heriotza igandetik astelehenerako gauean izan zen (larunbateko mobilizazioen ondoren, igandean jarraipena eman zieten protestei hainbat hiritan), Parisen bertan. Besteren artean, Châtelet barrutian, konfrontazioak sortu ziren manifestarien eta polizia-indarren artean, eta bertan izandako karga polizialetan galdu zuen bizia pertsona batek. Zenbait informaziok seinalatu dutenez, buruko isuria jasan zuen Poliziak jo ondoren.