Skip to Content
AKTUALITATEA / Errepresioa

Adingabe batek begi bateko ikusmena galdu du Frantzian, Poliziak botatako gasagatik

Gazte batek esku bat galdu du Poliziak granada batekin jota, eta hirugarren bat larriki zauritu dute buruan, larunbatean bizitzaren garestitzearen aurka izandako mobilizazioetan.
2026eko urriaren 19 - 09:15
Adingabe batek begi bateko ikusmena galdu du Frantzian, Poliziak botatako gasagatik
— ARGAZKIA Estrella Digital

AKTUALITATEA

Aurreko larunbatean, mobilizazio masiboak izan ziren Frantziako Estatuan langileriaren pobretzea salatzeko, eta gutxienez lau pertsona zauritu zituen larriki Poliziak. Lehenengo jakin zen 20 urteko gazte batek eskua galdu zuela, polizia batek jaurtitako granadaren ondorioz, baina ez da kasu bakarra izan: pertsona bati lesio larriak eragin zizkioten buruan Clermont-Ferranden (Auvernia-Rodano-Alpeak); Saint-Nazairen (Loira Atlantikoa) jaka horidun pertsona bat larriki zauritu zuen Poliziak begian, LBD tiroketa-gailu batekin jo ostean; eta beste batek begi bateko ikusmena galdu du Poliziak botatako gas negar-eragilea dela-eta.

Europa Press agentziaren arabera, 17 urte ditu ikusmena galdu duen neskak. Itxura denez, Mulhousen (Alsazia), aurpegira bota zion gas-kartutxo bat Poliziak, gaztearen begiak larriki kaltetuz. Frantziako Poliziako Ikuskaritza Nagusiak hartu omen du bere gain kasua ikertzea. Mulhousen, 1.000 lagunetik gora mobilizatu ziren larunbatean bizitzaren garestitzeari ezetz esateko; guztira, 80 hiri baino gehiagotan egon ziren mobilizazioak.

Poliziak 2.000 pertsona inguru atxilotu zituen larunbateko protestetan, eta momentuz lau zauritu larriren berri eman dute komunikabideek. Horrekin, gutxienez bost dira azken asteetan Frantziako mobilizazio sozialetan Poliziak larriki zauritutako eta mutilatutako pertsonak: urriaren hasieran, nerabe batek eskua galdu zuen Poliziak granada batekin jo ondoren.

Atzo arratsaldean, dena den, mobilizazioekin jarraitu zuten hainbat hiritan; esaterako Parisen, Marsellan, Lyonen eta Nantesen. Orduan ere ehunka pertsona atxilotu zituen Poliziak, eta denera, ia 2.400 dira asteburu osoan zehar atxilotutakoak.