AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/22 10:32

Anbulantzietako langileak greba mugagabean zaudete aurreko astetik, baina lanuzteak egiten ari zarete iazko urritik. Zein da testuingurua?

Osasun-garraioaren sektoreko bigarren hitzarmen autonomikoa negoziatzen ari gara. Aurreko hitzarmena 2021aren amaieran iraungi zen, eta erkidego mailako lehena izan zen: aurrekoak probintzia mailakoak izan ziren. Probintzietako borroken garapen desberdinaren ondorioz, baldintzak oso desberdinak ziren hiru lurraldeen artean, eta, une batean, baldintzak berdindu nahi izan ziren. Horren emaitza izan zen lehen hitzarmen autonomikoa; oro har, baldintza hobeak izateko eta elkarrekin gehiago borrokatu ahal izateko asmoz.

Hitzarmen hori berritzean, Covidaren ondorioek harrapatu gintuzten: inflazio-prozesuak, hornidura-faltak eta abarrek. Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen Osakidetzako anbulantzia-zerbitzuaren lizitazioa (emakidadunei ordaintzen zaien prezioa) %30 handitzea, enpresa emakidadunak bere gain har zitzan prezioen igoeraren ondoriozko kostuak, bai eta gure hitzarmenaren negoziazioaren ondoriozkoak ere, langileen balizko soldata-igoerengatik. Baina, aurrekontua handitu arren, enpresak etekin guztiak poltsikoratu nahi ditu, ez baitu gurekin hitzarmena negoziatu nahi.

Urtebete baino gehiago daramazue akordio batera iritsi nahian. Zein puntutan dago orain negoziazioa? Zer ari zarete aldarrikatzen?

Anbulantzien patronalaren konfederazio moduko batekin ari gara negoziatzen. Negoziazioak erabat geldirik daude orain, eta aurpegira barre egiten digute ia-ia. Une batean, akordioa sinatu bezain laster 1.000 euroko ordainsaria emango zigutela esan ziguten, eta, horrela, "dena ahaztu" genezakeela.

"Akordioa sinatu bezain laster 1.000 euroko ordainsaria emango zigutela esan ziguten, eta, horrela, 'dena ahaztu' genezakeela"

Ez dute arrazoizko soldata-igoerarik mahaigaineratu. Azken bileretako batean esan ziguten soldata %2,5 igoko zigutela, zortzi urterako hitzarmen bat sinatuta. Baina erosteko ahalmenaren galera oso handia izan da aldi honetan: KPIa kontuan hartuta, %17ko galera izan da, eta guk horregatik proposatu genuen %17ko konpentsazio bat.

Gainera, aspaldidanik ditugu aldarrikapen batzuk, gero ez dutenak horrenbesteko pisurik izan hitzarmenean: Osakidetzako gure lankideen baldintzak eta azpikontraten bidez lan egiten ari garenon baldintzak berdintzea; soldatari, jaiegunei eta abarri dagokienez. Gure ustez, kalitatezko zerbitzua izateko modu bakarra da denok baldintza berdinak izatea, eta soldatei dagokienez gertatzen den jauzi hori murriztea. Eta ez gara soldatez bakarrik ari: profesionalen prestakuntzaz eta birziklapenaz ere ari gara, esaterako.

Eta nola ari da jokatzen Eusko Jaurlaritza negoziazioari dagokionez?

Teorian, azpikontratazioak honakoa esan nahi du: lizitatzen duen enpresari helarazten zaizkiola zerbitzuaren kudeaketaren ondoriozko arriskuak. Azpikontrata bateko langileek grebara jotzen badute, enpresak hartu beharko ditu bere gain soldaten balizko igoeraren kostuak. Edo enpresak zerbitzua emateko erosi behar dituen materialen prezioak igotzen badira, enpresak hartu beharko ditu bere gain kostu horiek. Arazoa da hori ez dela Eusko Jaurlaritzak azpikontratazioak erabiltzeko duen modua.

"Ikusi dugu enpresek ez dutela hatzik mugitzen gobernuak oniritzia ematen ez badie"

Negoziazio-mahaira joan garenean, ikusi dugu enpresek ez dutela hatzik mugitzen gobernuak oniritzia ematen ez badie. Homologazioa proposatzen badugu, kontsultatu egin behar dutela erantzuten dute. Eta Eusko Jaurlaritzari galdetu nahi diote, hain zuzen ere. Beraz, azkenean, Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzen ari gara, baina bitartekari batekin. Legez, hori ezin da gertatu azpikontratazio-kasuetan.

Anbulantzien mantentze-lanen utzikeria eta baliabide falta ere salatu dituzue.

Hortik ere badator gaur egungo gatazka. Egia esan, enpresa guztiek gauza bera egiten dute, baina Grup La Pau bereziki basatia izan da: defizit handia dago ibilgailuen mantentze-lanetan, ekipamenduan, beharrezko Norbere Babeserako Ekipamenduetan eta abarretan. Enpresaren funtzioen utzikeria hori guztia sistematikoki salatu dute sindikatuek. Enpresak hainbat zigor irmo ditu Lan Ikuskaritzaren aldetik, eta, oraintxe bertan, Arabako Fiskaltza horietako bat ikertzen ari da, langileen bizitza arriskuan jartzeagatik eta baliabide nahikorik ez jartzeagatik.

Adibidez, anbulantzietan ondo lotzen ez diren gerrikoak izateaz ari gara, medikaziorik ez izateaz denbora luzez eskatu arren, edo gurpilak lehertzeaz, egoera txarrean daudelako. Enpresa pneumatikoen balio-bizitza luzatzen saiatzen da, Trafiko-Zuzendaritza Nagusiak zuzenean debekatutako praktikak erabiliz. Eta horiek ez dira langileok salatu ez ditugun kontuak, edo Osakidetzari edota gure nagusiei jakinarazi ez dizkiegunak: etengabe salatzen dugu hori guztia, baina ez da inoiz harago joaten. Langileak, oro har, nazkatuta daude.

Anbulantziei egindako sabotajeak aitzakiatzat hartuta, kriminalizazio-kanpaina handi bat jasaten ari zarete.

Zalantzan jartzen ari gara osasun-garraioko zerbitzua nola ematen ari den, eta, azkenean, gogor zapaltzen dute hori; ez bakarrik enpresak; baita Osakidetzak ere. Norbaitek telebistan edo prentsan nola funtzionatzen dugun azaltzen duen bakoitzean, gezurrekin egiten du. Adibide argienetako bat Bermeoko kasua da, andre bat hil baita.

"Zalantzan jartzen ari gara osasun-garraioko zerbitzua nola ematen ari den, eta, azkenean, gogor zapaltzen dute hori"

Esan dutena izan da sabotaje bat izan zela anbulantzietako batean; hala ere, ez dute esaten enpresak, kontratuaren arabera, anbulantzia bateko edozein hutsegite konpondu behar duela ordubeteko epean. Hori ez zen gertatu, eta, bide batez, Osasun Sailak ez du enpresa zigortu horregatik. Enpresari egun horretan bertan jakinarazi zitzaion anbulantzia ez zegoela erabilgarri, eta Bermeoko gertaera hiru ordu beranduago gertatu zen.

Hildako pertsona anbulatorioko mediku batek artatu zuen aurretik, eta badirudi familiak hots egin zuela geroago, bere egunen amaierara iristen ari zenean. Larrialdietako koordinaziotik adierazi zuten suspertze bat egin behar zitzaiola, eta Gernikako anbulantzia aurreratuari zein oinarrizkoari bertara joateko agindu zieten. Medikua iritsi zenean, baina, ikusi zuen ez zuela zentzurik suspertze bat egiteak, eta anbulantziak atzera egin zuen orduan. Orain esaten dute sabotaje batek zaildu zuela pertsona horri laguntzea, baina horrek ez du inolako zentzurik.

Gai konplexua da sabotajeena. Alde batetik, inor ez dago oinarrizko zerbitzu bat sabotatzearen alde; ez gara delitugileak. Mundu guztiak hitz egiten du sabotajeez, baina oso egoera zailean dauden pertsonen jokabideen ondorio dira ekintza horiek. Eta, bestalde, inork ez du aipatzen anbulantzien mantentze-akatsek mota guztietako istripuak eragin dituztela, bai eta arreta-arazo garrantzitsuak ere. Ez dira sabotajeak berez, funtzioen utzikeria da, baina ondorioak berberak dira.

"Inork ez du aipatzen anbulantzien mantentze-akatsek mota guztietako istripuak eragin dituztela [...]. Ez dira sabotajeak berez, funtzioen utzikeria da, baina ondorioak berberak dira"

Harrigarria da anbulantzia-zerbitzuan egiturazkoak diren arazoak grebari leporatzea. Duela gutxi kazetari batek deitu zidan, Gasteizko harrapaketa batean anbulantzia 16 minuturen buruan iritsi izana grebaren ondorio izan ote zen galdetuz. Eta ez. Hain baliabide gutxi egotearen ondorio da hori.

Enpresaren eta Poliziaren errepresioa ere izugarria izaten ari da.

Denok gaude zain oraintxe bertan, ez baitakigu difamazioaren eta jazarpenaren norainokoa. Bi pertsonari enplegua eta soldata kendu diete epemugarik gabe (eta hori kaleratze batean gauzatuko da epaile batek erantzukizun penala egozten badie), anbulantzia batzuen gurpilak zulatu izana leporatzen zaielako.

Guk dakigula, Ertzaintzak Arabako hamabost laguni eta Gipuzkoako lauri deitu die, sabotajeak direla-eta haiek ikertzen ari direlako. Horrek esan nahi du, finean, auzipetuta daudela. Eta, noski, seinalatutako pertsonak zeintzuk diren begiratzen hasten zarenean, konturatzen zara pertsona aktiboak eta antolatuak direla. Ordezkari sindikalak barne.

"Borroka sindikalaren aurkako jazarpena etengabea izan da, eta mehatxua eta seinalatze publikoa langileak beldurtzeko ahalegin bat besterik ez dira"

Jende hori salatzeko modu bakarra salaketa zuzena da. Beraz, enpresaren zuzeneko jazarpena izan dela uste dugu, Poliziaren adostasunarekin. Baina, gainera, puntu horretara iritsi aurretik, ikusi dugu sindikatuetako ordezkariei autoen gurpilak zulatu dizkietela, beste ordezkari batek mehatxuzko mezu anonimoak jaso dituela etxean, eta bere ataria papereztatu dutela sabotajeen egilea izatea aurpegiratuz; gainera, enpresako erdi-mailako kargudunek greban dauden langileei dei egin izan diete, lanera joateko exijituz, Ertzaintzari deitzeko mehatxupean. Borroka sindikalaren aurkako jazarpena etengabea izan da, eta mehatxua eta seinalatze publikoa langileak beldurtzeko ahalegin bat besterik ez dira.

Berria al da hori?

Ez da kontu berri bat, eta ez da enpresa bakar baten kontua. Pandemiaren garaian, adibidez, Ertzaintzak urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatu zuen niretzat, txertaketa-politika kritikatu nuelako; izan ere, EAJk erabaki zuen, azpikontratatutako anbulantzietako langileei baino lehenago, Poliziari txertoa jartzea. Gertatutakoa jendaurrean azaldu eta txiste bat egin nuen. Beraz, Ertzaintzak Poliziaren aurkako gorroto-delituagatik salatu ninduen.

Horrelako zerbaitengatik espetxe-zigorra eskatzen ari direnean, lankide guztiak ari dira ohartarazten, ez dezaten hitz egin. Basatia da Osakidetzak nola funtzionatzen duen kontatzen duen edonoren kontrako jazarpena. Nik uste dut EAJk badakiela argitara atera diren Osakidetzarekin lotutako gaiek eragingo diotela, eta eragin hori asumitu duela. Baina, hortik harago, ez du onartuko inork jendeari azaltzea Osakidetza nola ari den benetan funtzionatzen, eta nola funtzionatu duen hainbeste urtetan. Gogora dezagun zer gertatu zen argitara atera zenean Osakidetzako medikuntza-zerbitzuetako buruek oposizioetako azterketak pasatzen zizkietela haiek gainditzea nahi zuten horiei.

"Osakidetzak luzaroan iraun du bere langileen gehiegizko ahaleginari esker, eta jendea ez zen horretaz jabetzen"

Osakidetza jeltzaleen ustezko kudeaketa onaren erakusle izan da. Eta, bat-batean, gaur konturatzen gara ez zegoela hain ondo. Kontua da berrikuntzak egin zituztela eta anbulatorioak politago zeudela, nolabait esatearren. Osakidetzak luzaroan iraun du bere langileen gehiegizko ahaleginari esker, eta jendea ez zen horretaz jabetzen. Baina, Covidaren ondoren, jendeak ez du askorik espero. Eta Osakidetzako langileak emozionalki dibortziatu dira beraiena zela uste zuten zerbaitengandik.

Greba mugagabe honetarako, ia %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dizkizuete berriro.

Grebari ekitean, Osakidetzak berehala esaten digu: "Zuen gutxieneko zerbitzuak %100ekoak dira". Hau da: "Ez duzue grebarako eskubiderik". Funtsean, gauza bera da esatea: urteko egunen %100etan jendearentzat ezinbestekoa den gutxienekoarekin ari gara lanean.

"Urteko egunen %100etan jendearentzat ezinbestekoa den gutxienekoarekin ari gara lanean"

Egoera horrek urteak iraun ditzake, non greba bat zerbitzu arrunt batetik bereizten duen gauza bakarra Gutxieneko zerbitzuak jartzen duen kartel bat den. Baina berdin-berdin joan behar duzu lanera. Gainera, larrialdietako arropa daramazunean, ezin duzu propaganda banatu edo borrokan ari den langile gisa identifikatzen zaituen adabakirik eraman, enpresak zigortu egiten zaituelako. Hau da, jendeari esan diezaiokezu greban zaudela, baina berdin dio.

"Erabat jakitun gara anbulantzietan greba egiteak dakarrenaz, ez dugu arinkeriaz egiten. [...] Eta hori da guretzat baldintza duinak lortzeko irtenbide bakarra, baina baita jendeari merezi duen arreta emateko gai izateko irtenbide bakarra ere"

Gurea bezalako zerbitzu batean greba egitearen arazoa da, benetan, ondorio zuzenak dituela jendearengan. Erabat jakitun gara anbulantzietan greba egiteak dakarrenaz, ez dugu arinkeriaz egiten. Gure lana da 24 orduz zain egotea jendeari zerbait gertatzen bazaio ere, eta jendea salbatzen saiatzea. Badakigu greba bat zer den; urte eta erdiko etengabeko borroka izan da. Eta hori da guretzat baldintza duinak lortzeko irtenbide bakarra, baina baita jendeari merezi duen arreta emateko gai izateko irtenbide bakarra ere.

Azkenaldian asko hitz egiten ari da osasun publikoaren desegiteaz.

Brotxa lodiak arazo bat du: oso erraza da dena zapuztea datuen bidez. Nik gorroto dut Osasun publikoa ez da saltzen, defendatu egiten da leloa. Eta ez dut gorroto okerra iruditzen zaidalako; uste dut oso zentzuzkoa den kontzeptu bat ongi laburbiltzen duela, baina gutxi azaltzen duela gertatzen ari dena. Esaten dute, adibidez: "Ez dago medikurik". Eta ez da egia. Inoiz ez da hainbeste mediku egon. Zer gertatzen da? Inoiz ez dela egon orain adina osasun-zerbitzu.

Lehen, klinika pribatuek oso zerbitzu puntualak eskaintzen zituzten. Gaur egun, sektore pribatuari lotutako zerbitzuak erraldoiak dira. Bat-batean, lanpostu asko agertu dira sektore horretan, eta jende askok erabakitzen du han lan egitea, edo sektore publikoa eta pribatua uztartzea. Osakidetzako lan-baldintzak gero eta gehiago degradatu dira. Hori ez da hainbeste gertatzen sektore pribatuan, beraz, jende askok nahiago du haren alde egin. Eta publikoan, gainera, askoz ere eskakizun handiagoa dago; artatu beharreko pazienteen kopuruari dagokionez, adibidez.

"Osasungintza pribatua haz dadin, beharrezkoa da herritarrek pentsatzea osasungintza publikoak ez duela funtzionatzen. Baina horrek ez du osasun-arreta publikoa arintzen"

Bestalde, jendeak sektore publikoko zerbitzuak gero eta defizitarioagoak direla ikusten duen heinean, gehiago jotzen du sektore pribatura. Oraintxe bertan, osasungintza pribatua haz dadin, beharrezkoa da herritarrek pentsatzea osasungintza publikoak ez duela funtzionatzen. Baina horrek ez du osasun-arreta publikoa arintzen; izan ere, denbora bat pasatzen denean, jendeak sektore publikora jotzen du gauza batzuetarako, eta pribatura beste batzuetarako. Arreta-zirkuitu bikoitzak eta hirukoitzak sortzen dira. Beraz, hasierako epea igarota, sektore pribatuan zerbitzuren bat kontratatuta edukitzeak ez du osasun publikoa arintzen. Egiten duena da jendea hezi, arreta jaso nahi duen moduan.

Osasun-zentro pribatuetan inork ez die ezetz esango pazienteen eskaerei. Irribarrez erantzungo dute beti, eta inoiz ez duzu aurkituko eskatzen ari zarena behar ez duzula esango dizun inor; ordaintzen duzun bitartean. Publikoan norbaitek esan behar dizu ez duzula behar eskatzen ari zarena, hala bada. Zerbitzuen zentzuzko erabilerak berekin dakar hori.

Eskariak sektore pribatuan asebetetzeak sektore publikoan ere eragiten du; sektore publikoak, batzuetan, benetan beharrezkoak ez diren eskaerak asetu behar izateraino. Adibidez, IMQk saltzen du hobe dela bere zentroetan erditzea, ez duzulako persona migratzaile bat gela berean izango. Eta jendeak ulertzen du banakako gela bat izatea osasun-arreta hobea izatea dela. Baina, gero, jakiten duzunean Osakidetzako Gurutzetako Ospitalea Europako hirugarren ospitalerik onena dela jaiotza-osteko konplikazio kopuruari dagokionez, ikuspegia aldatu egiten da. Eta IMQn jaiotza-inguruko konplikazioen kopuruari buruzko datuak ikusiko bagenitu, agian pertsona batzuk beldurtu egingo lirateke.

Kanpora begira, sektore pribatuaren funtzionamendua asko saltzen da. 4D eta 5D ekografiak gauza zoragarri gisa saldu dizkigute, teknika horrek maila klinikoan garrantzirik ez izan arren. Baina hainbesteraino iritsi da jendearen eskakizuna hainbeste gaitan, ezen Osakidetzako zerbitzu batzuek ekografia-mota hori txertatu baitute dagoeneko. Eta, horretarako, kontrol sanitarioko ekografo arrunt bat baino 15-20 aldiz gehiago balio duten makinak behar dira. Sektore pribatuan gertatzen diren dinamikak, lehenago edo geroago, sektore publikora heltzen dira erabaki politikorik ez dagoelako, edo aurrez nahita hartutako erabaki politikoengatik.

"Eskariak sektore pribatuan asebetetzeak sektore publikoan ere eragiten du; sektore publikoak, batzuetan, benetan beharrezkoak ez diren eskaerak asetu behar izateraino"

Eta, horrez gain, beste gai garrantzitsu bat ere badago: osasun pribatuak osasun publikoa behar du iraun ahal izateko. Kontua da ez duela osasun publiko osoa behar. Alde batetik, kostu handiagoak sortzen dizkioten pertsona horiek (patologiko kronikoak, esaterako)  bere gain hartu behar ez izatea ahalbidetzen dion osasun publikoa behar du. Errentagarriak ez direnez, sistema pribatutik kanporatzen dituzte pertsona horiek, eta osasun publikoak beti hartuko ditu. Eta, bestalde, alde batera utzi behar ditu osasun-arloko esku-hartzeak prebenitzen dituzten osasun publikoko zerbitzuak. Hori baita, azkenean, haien negozioa. Osasun publikoa antolatzeko modua aldatzeak, hura baita osasungintzari buruz ez dakienaren iritziz osasun-jardunbide egokien ispilua, biztanleria osoaren osasun-dinamikak eraldatzea dakar.

Zer iritzi duzu Osakidetzaren osasun-ereduari buruz?

Osasun Antolaketa Integratukoa da (OSI, gazteleraz). Eredu neoliberal ospitale-zentrista bat da zinez: zerbitzu bakartzat hartzen da oinarrizko arretatik sartzen zarenean hasten den eta errehabilitaziotik irteten zarenean amaitzen den prozesua. Dena da kudeaketa-unitate bat. Beraz, adibidez, osasunerako aurrekontuak egiten direnean, diru guztia osotasunerako izaten da. Horrek esan nahi du aurrekontu gehien xurga dezaketen arloak gainfinantzatuta egongo direla, eta kudeaketa hori erakartzeko gai ez direnak gutxiago finantzatuko direla.

"Daukagun eredua, osasunaren prebentzioan eta sustapenean oinarritutako sistema bat izatetik [...], arretan bertan oinarritutako eredu bat izatera pasatzen ari da. Eta zergatik? Gaixoen arretak onura dakarkielako industriei"

Funts gehienak ospitalera bideratzen dira. Ospitaleak gero eta handiagoak dira. Zientziak edo Munduko Osasun Erakundeak esaten dutenaren kontra, daukagun eredua, osasunaren prebentzioan eta sustapenean oinarritutako sistema bat izatetik (osasun-arreta saihesteko), arretan bertan oinarritutako eredu bat izatera pasatzen ari da. Eta zergatik? Gaixoen arretak onura dakarkielako industriei: farmaziari, aseguru-etxeei eta abarri. Prebenitzeak ez die hainbeste diru ematen enpresa pribatuei.

Oinarrizko arretari, dena den, baliabideak kentzen ari dira. Osasun publikora sartzeko atean ez dago finantzaketarik, eta, horren ondorioz, herritarren arreta-eskaerak ez dira amaitzen. Eta jendeak arreta horren bila jotzen du larrialdietara. Jendeak uste du larrialdiak gainezka eginda daudela, larrialdietako atea bihurtu delako anbulatorioko ateak izan beharko lukeena.

Hori guztia zirkulu bat da, eta larrialdietako zerbitzua goraino egotea eragiten du. Azken sei urteetan ia 2,5 aldiz biderkatu da larrialdi-kopurua. Nahiko populazio osasuntsua gara; beraz, ez du zentzurik arreta kantitatea biderkatzeak.

Eta zer ondorio ditu horrek guztiak?

Pazienteek lehen mailako arretako kontsulta medikoaren mendekotasun handiegia dute. Baina, adibidez, jada ez dira bultzatzen ariketa fisikoari loturiko errezetak, ohitura osasungaitz txarrei aurrea hartzeko dinamikak, osasun-hezkuntza eta abar. Aldiz, bata bestearen atzetik pilatzen diren kontsultak lehenetsi dira, eta industria farmazeutikoak inoiz ez bezala aurrera egitea ahalbidetu da. Eta lortzen dena da mediku-profesionalak beraiek izatea beti bide farmakologikoaren edo gainbalio ekonomikoa sortzen duen bidearen alde egiten dutenak.

Horretarako, prozesuak medikalizatu ditugu, horretarako arrazoirik gabe. Gaur egun bizi-kalitate handia izan dezakeen baina, epe luzera, izugarrizko gainbehera izaten duen biztanleria hipermedikalizatu bat dugu. Eta, batez ere, emakumeak dira medikalizaziorik handiena jasaten dutenak. Horrek guztiak zerikusia du sistema ekonomiko batentzat funtzionala izatea ardatz duen osasun-eredu batekin.

"Prozesuak medikalizatu ditugu, horretarako arrazoirik gabe. [...] Horrek guztiak zerikusia du sistema ekonomiko batentzat funtzionala izatea ardatz duen osasun-eredu batekin"

Uste dut osasunaren gainbehera progresibo hori guztia desposesioagatiko kapitalismoak determinatzen duela: merkatuak merkantziaz gainezka daudenean eta merkatu berriak ezartzeko adinako indar suntsitzailerik ez dagoenean, merkantilizatuta ez zeuden bizi-eremuetara merkatuak hedatzea planteatzen du neoliberalismoak. Merkatu kopurua eta gainbalioa lortzeko bideak handitzea. Eta, horrela, gainbeheran sartu da osasungintza.

Horrek, osasunaren arloan ez ezik, unibertsitatean ere eragina izan du. Adibidez, tesinak egitean, ia ezinezkoa da industriari lotutako ikerketa-talde guztiak edo farmakologiarekin zerikusia duten irakasle guztiak alde batera uztea. Unibertsitatearen aurrekontu-dinamikek eta haren ildo estrategikoek baldintzatzen dute ekimen oro.

Nori egiten dio mesede merkatu-hobi horrek?

Emandako osasun-kontsumismoaren dinamika horretan guztian, EAJren egitura ekonomikoko eta horri loturiko enpresa satelitez osaturiko bezero-sare erraldoi bat dugu. Enpresa horiek osasun publikoaren inguruan daude, eta ez dira Eusko Jaurlaritzaren beste hainbat eremutan ditugun beste enpresa batzuen oso desberdinak. Zerbitzu publiko guztiak daude merkatu librean lehiatzeko gai ez diren eta Eusko Jaurlaritza lizitatzen adituak diren enpresaz inguratuta.

"EAJren egitura ekonomikoko eta horri loturiko enpresa satelitez osaturiko bezero-sare erraldoi bat dugu [...] osasun publikoaren inguruan"

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Gatazka hau asko luzatuko dela uste dut. Borroka egiteko gai bagara, errepresio izugarria jasango dugu. Guztiz jabetzen gara horretaz. Eta hor ikusiko dugu nor den gehiago jasateko gai.

Eta, gainera, uste dut bizilagunaren gatazketan parte hartzeko fase batera igaro behar dugula. Langileen elkartasunaz hitz egitea ondo geratzen da, baina premiazkoa da planteatzea langile prekarizatuenak babestuz soilik egin ahal izango dugula aurrera langile-klasearen osotasun gisa. Erasoak bortitzak izaten ari baitira. Ofentsiba kapitalistaren bilakaera erresistentzia gutxien dagoen eremuetara egokituz doa. Ibai baten modukoa da: beti joango da biderik errazenetik.

"Ofentsiba kapitalistaren bilakaera erresistentzia gutxien dagoen eremuetara egokituz doa. Ibai baten modukoa da: beti joango da biderik errazenetik"

Gu, noski, gure baldintzen alde ari gara borroka egiten. Baina langile-klaseari osasun-arreta eman ahal izateko ere ari gara borroka egiten, eta hori da batzuetan jendeari ahazten zaiona. Guk egunero bizi ditugu jendearen arazoak: jende prekarioaren trafiko-istripuak ikusten ditugu, lan batetik bestera doazenenak; ikusten dugu obretan jende berak izaten dituela beti lan-istripuak, etxez etxe joaten garela eta lanik eta baldintzarik txarrenak dituztenak direla gure laguntza behar dutenak, eta abar. Gu gurearen alde ari gara borrokan, baina garapen neoliberalak dituen ondorio larrien zuzeneko lekukoak gara. Beraz, nik ez nuke gure gatazkara batzeko deirik egingo: guztion gatazketara batzen hasteko deia egingo nuke. Eta, batez ere, beren gatazka propioa izan ezin duten horienetara.

IRUZKIN BAT
  1. M
    Manu 2024/03/05

    Ondo baino hobeto

    Ondo baino hobeto