AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Grebara deitu dute medikuntza sektoreko zaintza-langileek Baionan
Azaroaren 29rako deitu dute grebara, medikuntzako langileek zein gizarte-langileek parte hartu dezaten. Lapurdiko hiriburuan mobilizatuko dira beharginak, lan-baldintzetan hobekuntzak galdeginez.
2022eko azaroaren 28
Grebara deitu dute medikuntza sektoreko zaintza-langileek Baionan
— ARGAZKIA @LAB_ieh

Urtean zehar mobilizazioak egin dituzten arren, osasungintzako zaintza-lanaz arduratzen diren beharginak —medikuntza zein gizarte-langileak— erantzun "egokirik" ez dute eskuratu, ez gobernuaren ez sindikatu nagusien aldetik. Hala salatu dute CGT Action Sante et Sociale, Unsa SEAPB, LAB eta Sud Sante Sociaux 64 sindikatuek, batera publiko eginiko prentsa oharrean.

Azaroaren 29an greba egiteko batu dira aipatutako sindikatuak, eta hainbat aldarrikapen adostu dituzte. Lan-baldintzen hobekuntzek ardazten dute aldarrikapenen zerrenda eta, inflazioaren gorakadaren testuinguruan, ordainsaria igotzea da helburu nagusia. Sindikatuek, gainera, seinalatu dute soilik langile batzuek jaso dutela ordainsariaren hileko 183 euroko igoera, eta "zuzengabekeria hutsala" dela azpimarratu dute.

Horrela, langileen eskakizun nagusia da ordainsaria hilean 300 euro igotzea eta, hori ez ezik, aipatutako 183 euroko igoera "salbuespenik gabe" langile guztiei zabaltzea. Beste eskaera batzuk barne hartu ditu aldarrikapenen zerrendak; besteak beste, COVID-19aren txerto-pauta osoa ez duten langileak berriro hartzea lanerako, ikasleentzako formakuntza egokia bermatzea edota zaintzaren kalitatea hobetzea.

Baionan (Lapurdi) mobilizatuko dira langileak azaroaren 29an, 10:30ean, Merkatu plazan.