AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Greba-eguna Nafarroako haur eskoletan
0-3 zikloko langileek greba dute gaur, gelen masifikazioaren, ratio eskasen, errefortzuen tranparen eta soldata izoztuen aurka, besteak beste. Iruñeko Hezkuntza Delegaritzaren aurrera eraman dute protesta goizean, eta egun osoan zehar luzatu dira mobilizazioak.
2026eko maiatzaren 7 - 11:27
Greba-eguna Nafarroako haur eskoletan

Beste borroka-egun bat gaurkoan Nafarroako 0-3 zikloko haur eskoletan. 2022ko greba gogoangarriaren ondoren, langileek mobilizazioak hasi dituzte berriz ikasturte honetan: laguntzaile bidezko errefortzuak "tranpa" bat direla, ratioek eramanezinak izaten jarraitzen dutela, gelak masifikatuta daudela, soldatak izozturik daudela eta errefortzuetako langileen baldintzak izugarri prekarioak direla salatzen dute, besteren artean. Estatu mailako hamaika haur eskoletako beharginek sortutako plataforma berriak indartuta, Nafarroako langileek grebara jo dute gaur, maiatzaren 7an, 0-3 zikloan "duintasuna" lortzeko urratsak egiteko. 

Goizean goiz ekin diete mobilizazioei: 10:00etan elkartu eta Iruñeko Hezkuntza Delegaritza aurrera joan dira, euren aldarriak Hezkuntza Departamenduari entzunarazteko. Eguerdian zehar, bertan luzatu dute protesta jendetsua. 14:00etan Gaztelu Plazako arkupeetan elkarturik jarraitu dute langileek, eta Zezen Plazara mugitu dira 16:00etarako. 18:00etan, berriz, manifestazio zaratatsu bat egin dute Errekoleten Plazatik hasita.

"Greba-eguna hemen amaitzen bada ere, gure borrokak inoiz baino indartsuago aurrera jarraitzen du", adierazi dute 0-3 plataformako kideek Nafarroako hiriburuan egindako manifestazioaren bukaeran. "Gure egunerokoa eskolan oso gogorra da. Batzuetan guretzat, baina bereziki gogorra haurrentzat", azaldu dute. Izan ere, ratioen eta gelen masifikazioaren ondorioz haurrei ematen zaien arreta eskasa problematizatu dute: "Haien txanda iristen denean, ratio hauek ez digute uzten behar duten denbora geldoa, samurra eta atsegina eskaintzen, beste hamabost ere zain daudelako". Langileen esanetan, ezinbestekoa da "ratioa jaistea eta taldeak txikitzea", baina euren aldarrikapenak askoz harago doazela xehatu dute: "0-3a benetako hezkuntza-ziklotzat onartua izan dadila. Bertako profesionalak irakasle bezala aitortuak izatea. Kontratu prekarioekin amaitzea eta haurrek atsedenerako eskubidea izatea [...]. Gainerako hezkuntza-zikloak bezala kudeatu beharko litzateke, eta, gainera, doako ziklo unibertsala eta kalitatezkoa izan beharko litzateke".

Plataformak oroitarazi du "klase politikoak itun bat sinatu zuela 2022an", garai hartan beharginek egindako borrokaldiaren ondorioz, eta "lau urte beranduago bete gabe jarraitzen" duela. "Hitz hutsak, bide hori egiteko asmorik ez dutenak. Borrokan jarraitzea besterik ez zaigu geratzen", dio. Gogoan izan ditu, gainera, Madrilen greba mugagabean dauden haur eskoletako langileak: "Haiekin batera, bizi-baldintza duinen alde borrokatzen dugu, gure herrietan, hirietan eta behar den lekuetan".

Irakurri hemen 0-3 plataformako bi kidek GEDAR LANGILE KAZETAri egindako adierazpenak, momentu honetako borrokaren inguruan.