AKTUALITATEA / Sindikalismoa

Gipuzkoako Moeve gasolindegietan, hirugarrenez egin dute greba asteburuan

Hiru asteburutan izan dituzte lanuzteak uda honetan, Moeveko itunari buruzko negoziazioen bueltan. 150 bat langile dira guztira.
2026eko abuztuaren 31 - 07:16
Gipuzkoako Moeve gasolindegietan, hirugarrenez egin dute greba asteburuan
— ARGAZKIA LAB

Gipuzkoan Moevek dituen hamasei gasolindegietan, langileek greba egin dute joan den asteburuan, ostiral gauetik igande gauera arte. Honakoa izan da uda honetan egin duten hirugarren lanuztea, denera, hiru asteburutan jo baitute grebara gasolindegietako beharginek, ELAk eta LABek deituta: uztailaren 30etik abuztuaren 2ra, abuztuaren 14tik 16ra, eta iragan den honetan. LABen esanetan, ia erabatekoa izan da jarraipena.

Hilabeteak dira jada Moeveko barne-itun kolektiboa negoziatzen ari direnetik, eta plantillak testuinguru horretan ekin die mobilizazioei, salatuz enpresako zuzendaritzak ez dituela beren eskaerak kontuan hartzen. LABek seinalatu du, hain zuzen ere, Moevek ez duela "behar adina" pausorik eman "lan-baldintzak duintzeko", eta borrokari ekin dio plantillak.

Moevek, esan bezala, hamasei gasolindegi ditu Gipuzkoan, eta horietan 150 bat langilek jarduten dute gaur egun. Uda honetan, mobilizazioak egin dituzte, besteak beste, gasolindegien kanpoaldean. Azken lanuztearen ondoren, ikusteke dago zer jarrera hartzen duen enpresak eta zer erabakitzen duten langileek.