AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak

Gasteizen izan diren etxegabetzeen kontra mobilizatzera deitu du bertako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Azken lau egunetan, adingabeak dituzten bi familia etxegabetu dituzte hirian; hiru hamar egunean. Gaur, 19:00etan, kaleratzeen kontrako elkarretaratze bat izango da Andre Mari Zuriaren Plazan.
2026eko urriaren 6 - 05:56
Gasteizen izan diren etxegabetzeen kontra mobilizatzera deitu du bertako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Atzo eguerdian, Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin harremanetan jarri zen familia bat, etxegabetua izaten ari zela-eta. San Martin auzoan izan zen kaleratzea, tartean, bi adingabe. "Beste behin ere, etxegabetzea izan den momentuan familia horrek oraindik ez zuen etxebizitza-alternatibarik", azaldu dute sindikatutik. Aurreko ostiralean, gainera, oso antzeko egoera baten berri izan zuten: Espainiako Diputatuen Kongresuan etxebizitza-dekretuen inguruko bozketa egiten ari ziren bitartean, adingabedun beste familia bat etxegabetu zuten Gasteizen, orduan ere, inolako bizitoki-alternatibarik gabe.

"PSOEk etxebizitza-krisiari aurre egiteko bere burua konponbide bezala aurkezten duen bitartean, hau da langile-klaseko familien egunerokotasunaren errealitatea", salatu du sindikatuak, Gasteizko Udala (PSOE) seinalatuz. Aurreko ostiraleko desalojoaren ostean, hala zioen sindikatuak: "Hauteskundeei begira ahoa beteko badute ere etxebizitzaz hitz egiten, gure hirian gauzatzen diren ehunka kaleratzeen erantzule zuzenak dira, sistematikoki ukatzen dituzte etxebizitza-alternatibak eta familia zaurgarriak etxegabetzen dituzte udal-etxebizitzetatik. Bitartean, udalaren jabetzako etxebizitzak hutsik mantentzen dituzte, edo jabe pribatuei saltzen dizkiete, duela aste gutxi jakin dugun bezala".

Azken egunetako etxegabetzeak salatzeko eta "etxebizitza bermatuta dagoen eskubide bat izan dadin", mobilizazio bat egingo du gaur Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. 19:00etan Andre Mari Zuriaren plazan elkarretaratzera deitu du. 

Joan den ostiralean, jendetza mobilizatu zen Hego Euskal Herrian espekulazioaren aurka eta etxebizitza-eskubidearen alde, eta oso jendetsua izan zen Gasteizko manifestazioa ere: milaka eta milaka lagunek egin zuten bat Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen deialdiarekin, "etxebizitza denontzat" aldarrikatuz.