AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak
Gasteizen, asilo-eskatzaileei osasun-arreta emateko antolatu dira hainbat mediku boluntario eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista
Hilabeteak daramatzate kale gorrian, euren asilo-eskaerak tramitatzeko zain: elkartasun-sare bat antolatu du sindikatuak janaria, arropa, hizkuntza-klaseak eta, orain, osasun-arreta bermatzeko.
2026eko ekainaren 2 - 13:16
Gasteizen, asilo-eskatzaileei osasun-arreta emateko antolatu dira hainbat mediku boluntario eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista

Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak duela hamar hilabete salatu zuen lehenengoz asilo-eskatzaileen erabateko babesgabetasun-egoera, kale gorrian eta inolako baliabiderik gabe bizi baitira euren asilo-eskaerak tramitatu bitartean. Horren ondotik, elkartasun-sare bat antolatu du sindikatuak, asilo-eskatzaileen premiazko beharrei erantzuteko. Horretarako, izapidetze-prozesuetarako aholkularitza eta laguntza eskaini ditu, elikagaiak eta neguko arropa bermatzeko bilketak egin ditu, eta etengabe salatu du egoera publikoki. Gaur egun, 20 bat boluntariok parte hartzen dute elkartasun-sare horretan, eta, aipatutakoaz gain, astero eskaintzen dizkiete hizkuntza-klaseak asilo-eskatzaileei; Malikoak dira batik bat.

Orain, osasun-arloko hainbat langilerekin batera, baliabide berri bat jarri du martxan sindikatuak: osasun-arreta, beharra duten pertsonei orientazio eta laguntza sanitarioa eskaintzeko. Lehenengo saioa gaur izango da, ekainaren 2an, eta hurrengoa ekainaren 16an. Arreta horren helburua da, hain zuzen ere, "asilo-eskatzaile askok osasun-sistemara sartzeko aurkitzen dituzten zailtasunei erantzutea eta oinarrizko arreta bermatzea, instituzioen aldetik jasaten duten zaurgarritasun eta babesgabetasun egoeraren aurrean".

Osasun-arreta jasotzeko baldintzak: sarbidea mugaturik

Eragileak salatu du kaltetutako pertsonek "labirinto burokratiko konplexu" bat topatzen dutela parez pare, eta horrek zaildu egiten duela bai asilo-eskaerak tramitatzea, bai oinarrizko eskubideak bermatuta izatea, osasun-arreta kasu. EAEn, esaterako, osasun-arreta izateko, derrigorrezkoa da gutxienez hiru hilabete egitea erroldaturik. Asilo-eskatzaileek ezin izaten dute baldintza hori bete, eta berdina gertatzen zaie "zaurgarritasun-egoeran dauden beste pertsona batzuei ere, egoitza-baimenik, erroldarik eta abarrik ez dutelako", sindikatuaren esanetan. Horren ondorioz, askok "ez dute beren gaixotasunen jarraipena egiteko edo patologia kronikoak kontrolatzeko aukerarik".

Sindikatuarekin batera antolatutako osasun-langileek gogorarazi dute duela hilabete Espainiako Osasun Ministerioak lege berri bat onartu zuela, eta bertan ezartzen zela erroldatze-baldintza ez zela beharrezkoa izango osasun-arreta jasotzeko. Hala ere, errealitatea da neurri hori oraindik ez dela osasun-zentroetan eta ospitaleetan martxan jarri. Gainera, honakoa gehitu dute: "Badirudi, indarrean sartzen denean ere, neurri hori izapide burokratiko luzeen eta beste lege administratibo batzuen menpe geratuko dela, eta horrek, praktikan, osasun-sistemara sartzea asko zailduko duela".

Utzikeria instituzionala eta kale gorria

Sindikatuak ohartarazi du, bestalde, orain arte Salburuako eta Aranbizkarrako parrokietan martxan zeuden lo-lekuak bertan behera geratu direla. "Maiatzaren 31 izan zen pertsona horiek parrokiako lokaletan lo egin ahal izan zuten azken eguna", gogorarazi dute: "40 asilo-eskatzaile baino gehiago berriro ere baliabide hori gabe geratuko dira eta kalean lo egin beharko dute berriz".

Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren ustez, egoera honek instituzioen utzikeria larria agerian uzten du. "Egoera hau duela hamar hilabete publikoki salatu zenetik, instituzioen erantzuna hutsaren hurrengoa izan da", salatu dute. Haien iritziz, arazoa administrazio jakin baten jardunetik harago doa, dena den: "Ezin da politikari honen edo haren borondate politiko faltara mugatu; egiturazko ezintasun baten isla da: ezin da berez desberdintasuna sortzen duen sistema bat adabakiekin konpondu". Horren aurrean, sindikatuak berriro salatu du "asilo-eskatzaileek pairatzen duten abandonu-egoera", eta horri aurre egiteko, antolatzeko deia egin die herritarrei.