"ALERTA GORRIA! Ontzi militarrak gure flota geldiarazten ari dira, eta Israelgo Okupazio Indarrak gure lehenengo ontzira igotzen ari dira, egun argiz". Hala zioen Global Sumud Flotillak atzo, hemengo goizeko 10:00ak jota, X sare sozialean zabaldutako mezuak. Israelgo indarrek berriz blokeatu dute Gazara laguntza humanitarioa eramateko asmoz itsasoratutako ontzidia, eta berriz atxilotu dituzte misioan parte hartzen ari ziren pertsonak. Hainbat iturriren arabera, 100 ekintzaile inguru hartu dituzte atxilo oraingoan, eta Euskal Herriko lau lagun daude tartean. Euskadi Irratiaren arabera, gose-grebari ekin diote.
Gaur egungo misioa 54 ontzik osatzen dute, eta aurreko astean hartu zuten Gazarako bidea, Turkiatik abiatuta. Zipreko kostaldetik hurbil atzeman dituzte oraingoan, Gazako kostaldetik oso urrun: 250 itsas-miliarac, hain justu. Israelen blokeoa salatzeko eta atxilotutako ekintzaileak aske gera daitezela exijitzeko, atzo bertan hedatu ziren protestak hainbat eta hainbat herrialdetan, eta Euskal Herrian ere izan ziren mobilizazioak: 19:00etan egin zituzten protestak Altsasun, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean nahiz Urruñan.
"Bide segurua eskatzen dugu gure misio humanitario legalarentzat. Gobernuek berehala jardun behar dute, [Israelen] legez kanpoko ekintza horiek edo pirateria geldiarazteko, Israelek Gazaren gain duen setio genozida mantentzea bilatzen baitu. Okupazioaren indarkeriaren normalizazioa mehatxua da guztiontzat. LEKUKO IZATEA BABESTEA DA. EGIN PRESIOA ZURE GOBERNUEI", jarraitzen zuen Global Sumud Flotillaren atzoko mezuak. Ontzidiak behin eta berriz aldarrikatu du estatu sionistak Gazaren aurka ezarritako setio kriminala haustea eta laguntza humanitarioa helaraztea duela helburu, eta etengabe gezurtatu ditu Israelen akusazioak: misioaren asmoa "Hamasi laguntzea" dela defendatu izan du.