Asteburuan eman dute Federico Martin Aranbururen hiltzaileen kontrako ebazpena Parisen: 26 urteko espetxe-zigorra ezarri diote errugbi-jokalaria tiroz hil zuen militar ohiari, Loïk Le Prioli, eta hemeretzi urtekoa harekin batera Federicoren kontra tiro egin zuen Romain Bouvierri. Fiskaltzak urtebete gehiagoko zigorrak eskatzen zituen, baina bestelako kondena bat eman du herri-epaimahaiak. Posible da helegiteak aurkeztea.
Joan den irailaren 7an hasi zen epaiketa, Groupe Union Defense (GUD) taldeko bi faxistek Martin Aranburu erail eta lau urtera. Parisko taberna ezagun batean izan zen hilketa, Federico Miarritzeko errugbi-taldeko kide batekin zegoela.
Bi jokalariek liskar bat izan zuten goizaldean GUDeko faxistekin, eta horren ondotik, etxera bidean zirela, biei eraso eta Martin Aranburu tiroz hil zuten. Momentu horretan, legez, bi hiltzaileek debekatuta zeukaten elkartzea eta armak eramatea, kontrol judizialpean baitzeuden tortura kasu batengatik.
Lau urte igaro dira erailketatik, eta urte hauetan guztietan zehar, nabaria izan da isiltasun instituzionala arku parlamentario osoko alderdi politikoen partetik.