Skip to Content
AKTUALITATEA / Azaroak 11: greba orokorra

Etxegabetzeari utz diezaioten seinalatu ditu Hegoaldeko lau hiriburuetako udalak GKSk

Alternatibarik gabeko etxegabetzeetan udal-gobernuek duten erantzukizuna salatu eta azaroaren 11ko greba orokorrera batzera deitu du.
2026eko azaroaren 4 - 10:44
Etxegabetzeari utz diezaioten seinalatu ditu Hegoaldeko lau hiriburuetako udalak GKSk

AKTUALITATEA

Bilboko (EAJ-PSOE), Donostiako (EAJ-PSOE), Gasteizko (PSOE-EAJ) eta Iruñeko (EH Bildu-Geroa Bai-Contigo Zurekin) Udalak seinalatu ditu gaur Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), alternatibarik gabeko etxegabetzeetan duten erantzukizun politikoaz ohartarazteko eta etxebizitzaren negozioan instituzio eta alderdi politikoek duten ardura erakusteko. 

"Etxebizitzaren arazoa konpondu eta etxebizitzaren negozioarekin amaitu beharrean, neurri guztiak etxejabeak, putre-funtsak, bankuak eta negoziotik aberasten direnak babesteko hartzen dituzte, langile-klasea kale gorrian utziz", azaldu du GKSk: "Horren adibide garbiena dugu gaur seinalatu duguna; alderdi guztietako udalek alternatibarik gabeko etxegabetzeak baimendu dituzte".

Horren hainbat adibide ekarri ditu gogora gazte-antolakundeak: esaterako, Gasteizen, sei adingabeko familia bat etxegabetzeko 140.000 euro xahutu izana dispositibo polizialean, 90 zauritutik gora utziz; Donostian, greba-egunean bertan familia bat kale gorrian gelditzeko arriskuan egotea; Bizkaian, azken hamarkadan, 5.000 etxegabetzetik gora jazo izana, erdiak baino gehiago Bilbon; eta Iruñean, 140 pertsona desalojatu izana Aranzadin apirilean eta beste 30 duela egun gutxi.

"PSOE eta EAJ errentisten eta enpresarien alderdiak dira, ez dute espekulazioa jopuntuan jartzen eta espekulatzaileen irabaziak babesteko neurriak hartzen dituzte", nabarmendu du GKSk, baina gogoraraziz "PSOEren gobernua babestu duten alderdi guztiek" dutela horren ardura. "Horregatik, alderdi elektoralei ez diegu etxebizitzaren problematika euren interesetarako erabiltzen utzi behar, eta are gutxiago greba orokorra instrumentalizatzen", gaineratu du: "Badakigu eskubideak borrokatuz irabazten direla eta langile-klasearen antolakuntza independentea indartu behar dugula". Horrekin batera, azaroaren 11n etxebizitza-eskubidearen aldeko greba orokorrera batzera deitu du.