Ertzaintzak aurreko larunbatean Global Sumud Flotillako kideak jipoitu eta atxilotu ostean, mundu osoan barrena zabaldu dira esku-hartze bortitz horren irudiak, eta nahasiak izaten ari dira ondorengo egunak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarentzat. Bingen Zupiria behin eta berriz ari da publikoki hitza hartzen, ertzainek Loiun egindako interbentzioa justifikatzen ahalegintzeko: gaurkoan, Eusko Legebiltzarrean ere hitz egin behar izan du gaiaren inguruan, eta aireportuan gertatutakoa lausotzeko saiakera etsi batean, Mugimendu Sozialistari buruz mintzatzea erabaki du.
Zupiriak, dimisio-eskaerei entzungor eginez eta aurrerantza egindako ihesaldi batean, abesti baten letra eraman du Legebiltzarrera, fokua aldatzen saiatzeko. Euskal Herriko hainbat artistak kanta bat egin dute Mugimendu Sozialistak txosnaguneetan parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatzeko, eta horixe bera izan du hizpide Segurtasun sailburuak. Defendatu du, hain zuzen ere, abesti horrek Polizia jomugan jartzen duela eta udari begirako "abisu" bat dela, ustezko konfrontazioei bide egiteko. Bitartean, Ertzaintzak flotillakoei emandako jipoiak gero eta gaitzespen handiagoa du jendartean, baita inpunitate polizialaren aurkako aldarriak ere.