AKTUALITATEA / Errepresioa
Errekaleorrek elkartasuna aldarrikatu du "faxismoaren eta gehiegikeria polizialaren aurrean"
Gasteizko herri-mugimenduko 50 bat eragilek eman diote babesa, maiatzaren 13ko gertakarien ostean. Salatu dute "diskurtso faxista eta arrazista" bultzatu dutela Ertzaintzak eta erakunde publikoek, eta erantzukizuna euren gain har dezatela eskatu diete.
2026eko maiatzaren 26 - 06:30
Errekaleorrek elkartasuna aldarrikatu du "faxismoaren eta gehiegikeria polizialaren aurrean"
— ARGAZKIA Sare Antifaxistaren bidez (X)

Atzo, arratsaldeko 19:00etan, agerraldi jendetsu bat izan zen Gasteizko Foru Plazan: Errekaleor Bizirik proiektuko hainbat kidek hartu zuten hitza, eta babesa eman zieten Gasteizko herri-mugimenduko 50 bat kolektibotako partaideek. Maiatzaren erdialdeko jazoerak eta eskuin muturrak hainbat astez luzatu duen kanpaina direla-eta, "herri-antolakuntza eta elkartasuna" erreibindikatu zituzten "gehiegikeria polizialaren eta diskurtso supremazisten aurrean", aipatutako gertakariak "diskurtso faxista eta arrazistaren gorakadaren" ondorio direla salatuz. 

Errekaleorrek jasandako erasoa seinalatzeaz gain, Gasteizen kale-egoeran dauden pertsonen egoera gaitzetsi zuten agerraldia, URSSAn bizi diren etorkinena kasu: "Ez dago urik, ez argirik, eta garbitasun zein osasun-baldintzak ez dira bermatzen". Maiatzaren 13an, hain zuzen ere, URSSAn bizi diren hainbat pertsona izan ziren Errekaleorrera joan, etxeetako batera sartzen saiatu eta auzokideei eraso egin zietenak, Ertzaintzaren babesarekin: Hala Bedi-k eta Arabako Alea-k jaso dute fabrika abandonatuan bizi den etorkinetako baten testigantza, eta hark azaldu du Ertzaintzak berak bultzatu zituela Errekaleorrera joatera. Horiek horrela, Errekaleor Bizirikek bere salaketa berretsi du, eta erantzuletzat jo ditu bai Ertzaintza bai Eusko Jaurlaritza.

Segurtasun Sailari eta Ertzaintzari eskatu zieten barne-ikerketa bati ekin diezaiotela, maiatzaren 13ko interbentzio poliziala aztertzeko, eta Jaurlaritzari exijitu zioten pertsona migratzaileen harrera-prozesuak azkartzeko. Gasteizko Udalari (PSOE), bestalde, eskatu zioten bizitoki-alternatiba duinak berma ditzala etxerik gabeko pertsonentzat.

Horrekin batera, Errekaleor Bizirikek nabarmendu zuen "diskurtso faxista eta arrazista" bultzatu dutela bai Ertzaintzak bai instituzio publikoek, Vox bezalako alderdiek indartuta (aurrez hainbat astez egin zuen kanpaina Voxek, Errekaleorren eta okupazioaren kontra), eta "dikotomia faltsuak" elikatzea leporatu zien. Horren aurrean, baina, faxismoari aurre egiteko konpromisoa erakutsi zuten Foru Plazan bildutako eragileek.