Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietate publiko batek, Alokabidek, Babes Ofizialeko Etxebizitza (BOE) batean bizi den familia zaurgarri bat etxegabetu nahi zuen gaur goizean, Elorrion (Bizkaia). Etxebizitza Sindikatu Sozialistak goizeko 09:30erako bertaratzera deitu zuen, desalojoari aurre egiteko eta familia babesteko. Hala, ordu horretarako, dozenaka pertsona elkarretaratu dira atariaren aurrean, desalojoa geratzeko prest.
Durangaldeko kideek goizeko 11:00ak jota eman dute berri ona: etxegabetzearen kontra izan den erantzunari esker, kaleratzea gelditzea lortu dute. "Alokabidek familia zaurgarri bat etxegabetu nahi zuen, inongo alternatibarik gabe. Etxebizitza-sistema publikoak ez lituzke behar handiena dutenak kanporatu behar", seinalatu du, dena den.

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Alokabideren aldetik izandako etxe-kaleratze gehiagoren berri eduki du azkenaldian. Gasteizen (Araba), adibidez, Jaurlaritzaren eskumeneko erakundeak beste familia bat bota zuen bere etxetik apirilaren bukaeran; indarkeria matxista jasan duen andre bat eta bere alabak, hain zuzen. Hala ere, EAEko Etxebizitza sailburu Denis Itxasok (PSE) sare sozialetan defendatu zuen Alokabidek ez duela "besterik gabe kaleratzen", eta desalojoa justifikatu zuen esanez maizter batzuek, "beren jarrerekin, etxebizitza babestu bat eskuratzeko beharrezkoak diren merezimenduak galtzen dituztela".