AKTUALITATEA / Kaleko afari solidarioak

Elkartasuna ez dela delitua aldarrikatu du berriz Donostiako KASek

Kale-egoeran dauden pertsonei jatekoa ematen aritzen den jendeak jasandako jazarpen poliziala salatzeko, erosketa-orgak hartuta egin zuten protesta atzo ehunka lagunek. Donostiako Udalak uztailean debekatu zituen afari solidarioak.
2026eko abuztuaren 28 - 06:30
Elkartasuna ez dela delitua aldarrikatu du berriz Donostiako KASek

Atzo arratsaldean, erosketa-orgak hartu eta Donostiako kaleetan barrena ibili ziren ehunka pertsona, Kaleko Afari Solidarioek (KAS) deituta. Izan ere, kolektiboak azken asteetan ironiaz salatu duenez, susmagarri bilakatu dira karro horiek: uda honetan, Donostiako Udaltzaingoak hainbat herritar identifikatu ditu eta erosketa-orgak miatu dizkie, kale-egoeran dauden pertsonei ogitartekoak banatzera zihoazela. Horri erantzunez izan zen atzoko protesta, eta kalez kale aritu ondoren, Plaza Berrian ere elkartu ziren manifestariak.

Baliabiderik ez duten pertsonei janaria ematea jazarria izaten ari da Gipuzkoako hiriburuan, KASek seinalatu duen modura. Kale-egoeran daudenekin elkartasunez jarduten duen jendearen kontra jo du Donostiako Udalak (EAJ), bere esanera dagoen udaltzaingoaren bidez nagusiki. KASek larritzat jo du Poliziak boluntarioak identifikatzea eta azalpenak eskatzea, beharra duten pertsonei jatekoa banatzeagatik. Udaltzainek boluntario horiei iradoki die "espazio publikoa okupatzea" leporatu diezaieketela.

PPk, Lo que no te cuentan de Donosti-k eta bestelako talde eskuindarrek bultzatuta, Kaleko Afari Solidarioak jomugan hartu ditu Jon Insausti (EAJ) buru duen udalak, mezu arrazistak indartuz. Joan den uztailaren amaieran, 300 bat pertsonari gutxieneko otordu bat bermatzen zien ekimen solidarioa debekatu zuen udal-gobernuak, eta ez du tamaina horretako alternatibarik jarri martxan.