AKTUALITATEA / Errepresioa
EH Bilduk Ertzaintzaren "zibersegurtasun" aparatua indartzea hitzartu du EAJrekin eta PSErekin
Ertzaintzaren giza-baliabideak eta baliabide teknikoak areagotzeko akordio parlamentario berri bat bultzatu du EH Bilduk, "modernizazio teknologikoa" argudiatuz.
2026eko maiatzaren 8 - 05:12
EH Bilduk Ertzaintzaren "zibersegurtasun" aparatua indartzea hitzartu du EAJrekin eta PSErekin
— ARGAZKIA Irekia

EH Bilduk akordio berri bat lortu zuen atzo EAJrekin eta PSE-EErekin Eusko Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko "Euskal Poliziaren modernizazio-prozesuan sakondu" dezala. Hitzarmenak, paradoxikoki, alderdi guztien aldeko botoa izan du, PPrena eta Voxena izan ezik; eta Ertzaintzaren egitura indartzea du helburu, "ziberdelituen egungo gorakadari aurre egiteko". Talde sinatzaileek emandako eta Naiz eta El Diario Vasco egunkariek bildutako datuen arabera, 2025ean, 28.272 arau-hauste informatiko erregistratu zituzten EAEn, hau da, kontabilizatutako delitu-jarduera osoaren %19,7.

Akordio parlamentarioaren arabera, Segurtasun Sailak "indartu" egin behar ditu eremu horretara bideratutako "giza-baliabideak", Ertzaintzaren Enplegu Planaren barruan. Gaur egun, "ziberkrimenari" aurre egiteko Ertzaintzaren unitate espezifikoak 26 agente eta bitartekari bat ditu, eta EH Bilduk esan du hori "ez dela nahikoa". Onartutako testuak, halaber, "baliabide teknikoak eguneratzeko eta modernizatzeko" eskatzen du, eta galdegiten du ziberdelinkuentziari buruzko prestakuntzak "bere lekua eta garrantzia" izan ditzala Arkautiko ikasketa-planetan.

"Talentua erakartzea" eta I+G+B inbertsioa Ertzaintzan

Gorka Ortiz de Guinea EH Bilduko legebiltzarkideak ekimena defendatu du, eta adierazi du herritarrek segurtasun integrala izateko eskubidea dutela eta babes digitala ezinbestekoa dela eskubideak eta ongizatea babesteko. Ortiz de Guineak dio horretarako beharrezkoa dela "Ertzaintzaren barruan paradigma aldatzea" eta "modernizazio sakona" egitea, "talentua erakartzea" eta I+G+Bn inbertitzea barne hartuta. Praktikan, akordioa euskal poliziaren baliabide materialak eta giza-baliabideak handitzeko abal politikoa da, Ertzaintza "gure polizia" gisa aurkeztuz.

Israelgo enpresek maiz erabiltzen duten sektore bat

Ainhoa Domaica PPko bozeramaileak EH Bildu "zuritzea" leporatu dio EAJri. Bestalde, Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak, aldeko botoa eman duen arren, auditoria bat eskatu du Segurtasun Sailak kanpoko enpresekin duen elkarlanaren inguruan, eta salatu du estatubatuarrak edo israeldarrak izaten direla zibersegurtasuneko puntako enpresak. Naiz-ek aipatzen duenez, Hernandezek ohartarazi du ez litzatekeela horrelako korporazioekin elkarlanean aritu behar, arrazoi etikoak eta subiranotasunari lotutakoak direla medio.

Jaurlaritzaren aldetik, EAJk eta PSE-EEk Ertzaintzaren gaur egungo kudeaketa defendatu dute, baina "biktimarengan oinarritutako eredu proaktibo baterantz aurrera egiteko beharra" onartuz. Josune Escota legebiltzarkide jeltzalearen hitzetan, agente espezializatuen kopuru "txikia" gorabehera, delitu informatikoen ikerketa polizia-kidego osoari dagokio.