AKTUALITATEA / Politika instituzionala

EAJk Itziar Carrocera proposatuko du berriz Santurtziko alkategai modura, Anderren hilketa argitu gabe

Carrocera jada alkate zela, Ander Saenz gaztea hil zuten Santurtziko udaltzainek, eta bere erantzukizun politikoak albo batera uzten jarraitzen du udalak. "Ni ez nago hemen bideoak ikusteko", izan zen alkatearen erantzuna Anderren atxiloketaren bideoa zela-eta.
2026eko irailaren 25 - 07:53
EAJk Itziar Carrocera proposatuko du berriz Santurtziko alkategai modura, Anderren hilketa argitu gabe
— ARGAZKIA EAJ

Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) atzo bertan jakinarazi zuen zein izango den Santurtziko bere alkategaia datozen udal-hauteskundeetarako: Itziar Carrocera, gaur egungo alkatea. 2027ko maiatzean izango dira hauteskundeak, beraz, zortzi hilabete lehenago eman du berria alderdiak, eta ez edozein momentutan: Ander Saenz gazte santurtziarraren hilketa polizialari buruzko informazio berriak argitara ateratzen ari direnean jakinarazi du hautagaitza, hain zuzen ere.

Udaltzainen interbentzio bortitz baten ondorioz hil zen Ander joan den ekainaren bukaeran, Itziar Carrocera alkate zela jada. Udalak udaltzainak eta euren bertsioa defendatu ditu hasieratik, nahiz eta ebidentziek, azkenean, zenbait mugimendu egitera behartu duten azkenean. Justizia Anderrentzat plataformak bideo bat argitaratu du berriki, udaltzainek Anderri emandako tratu txarrak erakusten dituena, eta horren ostean egin behar izan du prentsaurreko bat alkateak, irudietan ikusten dena "justifikaezina" dela esanez.

Hala ere, Anderren aita Fernando Saenzek kazeta honi azaldu zionez, Carrocerak aspalditik zeukan bideo horren berri. Are gehiago, Fernandok uztailean eskatu zionean bideoa ikus zezala, ondokoa izan zen alkatearen erantzun hotza: "Ni ez nago hemen bideoak ikusteko". 

Anderren hilketak argitu gabe jarraitzen du oraindik, eta udalak, noski, albo batera utzi ditu bere erantzukizun politikoak, Saenz hil zuten udaltzainak udal-funtzionarioak izan arren. Gainera, Carrocera buru duen udalak ez du oraindik operazioan parte hartu zuten agenteen kontrako neurririk hartu. Hala ere, alkatea babestea erabaki du EAJk, eta bere aldeko apustua eginez, zer eta momentu honetan jakinarazi du Carrocera izango dela 2027ko alkategaia. "Egungo alkateak gidatuko du proiektu jeltzalea, esperientzia, udalerriaren ezagutza eta gertutasuna ardatz nagusi hartuta, santurtziarren zerbitzuak, segurtasuna eta bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko helburuarekin", gaineratu du EAJk sare sozialetan.