AKTUALITATEA / Kirola
Donostiak eta Bilbok bat egin dute, Munduko Futbol Txapelketa elkarrekin hartzeko
Halako ekitaldi bat hartzeak sortutako "kostu ekonomiko oso altu batzuei" elkarrekin aurre egiteko, San Mamesen eta Anoetan bina partida jokatzea proposatu dute EAEko instituzioek.
2026eko ekainaren 4 - 06:03
Donostiak eta Bilbok bat egin dute, Munduko Futbol Txapelketa elkarrekin hartzeko
— ARGAZKIA Europa Press/ferplei.com-en bidez

FIFAri proposamen bat egin diote Bilboko (Bizkaia) eta Donostiako (Gipuzkoa) udal-gobernuek: bakoitza bere kabuz beharrean, elkarrekin izatea 2030eko Munduko Futbol Txapelketako egoitza, bina partidu jokatu daitezen Bilboko San Mames estadioan eta Donostiako Anoetan (Reale Arena). elDiario.es-en arabera, hainbat erakunderen eskutik egin dute eskaintza bi hiriburuek; Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik, hain zuzen ere. Badirudi, beraz, kirol-ekitaldi erraldoia hartzeko borondatea erakusten jarraitzen dutela EAEko instituzioek, nahiz eta ez duten publikoki argitu zein baldintza markatzen dituen horretarako FIFAk.

Aipatutako hedabideak jaso duenez, bi hiriek elkarrekin jardutearen helburua izango litzateke, modu horretan, Munduko Futbol Txapelketak ekarriko lituzkeen "kostu ekonomiko oso altu batzuei" batera aurre egitea, bakoitza bere kabuz egoitza bilakatu eta kostu horiek indibidualki asumitu beharrean. Imanol Pradales lehendakariak berak adierazi omen du oso zorrotzak direla FIFAk ezarritako baldintzak, Donostia edo Bilbo futbol-txapelketaren egoitza izan daitezen.

Itxura denez, FIFAko ordezkari batzuk joan den martxoan izan ziren San Mamesen eta Anoetan. 2024an hautatu zituzten bi hiriak mundu-txapelketako bigarren mailako egoitza izan zitezen, baina 2022an atera zuten mahaira proposamena. Donostian bertan, EAJren eta PSEren arteko ika-mikak sortu ditu auziak, Jon Insausti (EAJ) alkatea zalantzati agertu baita azkenaldian; PSE tematuta dago futbol-txapelketa Donostian joka dadin.