AKTUALITATEA
Aurreko larunbatean, azaroaren 14an, futboleko Euskal Selekzioaren ofizialtasuna erreibindikatzeko ekimen handi bat izan zen beste urte batez Bilbon. Aurreko urtean Palestinarekin jokatutako partida gogoangarriaren ostean, aurten Venezuelarekin jarri zuen hitzordua Euskal Selekzioak, eta San Mamesen izan zen futbol-partida beste urte batez. 40.000 lagun baino gehiago bertaratu ziren.
Harmailak, ohi bezala, hamaika aldarrikapen politikoz bete ziren hasieratik: ofizialtasunaren aldeko mezuak, Iñigo Cabacas eta Aitor Zabaleta oroitzeko oihuak, Malen Grunig eta Aratz Bilbaoren askatasunaren aldeko aldarriak... Venezuelako ikurrak eta Nicolas Maduroren eta Cilia Floresen askatasuna galdegiteko bandera batzuk ere ikusi ziren euskal zaletuen artean.
Iluntzeko 20:00etan jokatu zuten partida, baina horren aurretik, euskal zaletuen taldeek egin ohi duten kalejira izan zen Bilboko kaleetan barrena. 18:00etarako zegoen hitzordua ipinita Indautxu plazan, Autodeterminaziora bidean, ofizialtasuna orain lelopean. 1-0 amaitu zen partida, Mikel Jauregizarren golari esker.