AKTUALITATEA / Langile kontrolpeko espazioak

Desalojo arriskuan dago Larrabasterrako Auzoetxea

Karmengo baseliza okupatuaren aurkako kaleratze-prozesuari ekin dio gotzaindegiak, eta, bihartik aurrera, edozein unetan izan daiteke. Aurreko ostiralean, desalojoaren aurkako manifestazio bat egin zuten.
2026eko irailaren 29 - 05:11
Desalojo arriskuan dago Larrabasterrako Auzoetxea
Auzoetxearen kontrako epaiketaren saio bat, 2023an, Getxon. — ARGAZKIA Hiruka

Hainbat lagunek duela hiru urte okupatu zuten Karmengo baseliza Sopelako (Bizkaia) Larrabasterra auzoan, baina arriskuan dago espazioa: bertako asanbladak jakinarazi duenez, kaleratze-prozesua hasi du gotzaindegiak, eta, bihartik aurrera, edozein momentutan etor daiteke desalojoa. 

"Hiru urte hauetan zehar, herriaren existentzia eta erresistentziarako gune autogestionatu honek berebiziko eragina izan du gure eskualdean", adierazi dute asanbladatik: "Auzoetxean asko dira autogestiotik, militantziatik eta kulturatik parte hartzen duten eragile eta kolektiboak, elkarlana bultzatuz, alternatibak sortuz eta komunitatea eraikiz". Defendatu dute, hala, "Auzoetxea bezalako espazioak ezinbestekoak" direla "instituzioetatik kanpo antolatzen diren eragileentzat, horiek ez baitute horretarako aukerarik eskaintzen".

Horiek horrela, desalojoaren mamua gainean dutela, "inoiz baino indar handiagoz" esan dute "sistema kapitalista, indibidualista, kontsumista eta espekulatzaile honen aurka gaudela". "Jabetza pribatuaren logika borrokatu behar dugu, eta honen aurrean okupazioa, autogestioa eta auzo-boterea aldarrikatu", gaineratu dute.

Aurreko ostiral arratsaldean, desalojoaren aurkako manifestazio bat egin zuten herrian, 19:00etan Sopelako udaletxearen aurretik hasita.