AKTUALITATEA / Soldata sistema
Bilboko amarratzaileen aurkako murrizketak atzera bota ditu epaile batek
LABek Amarradores Puerto de Bilbao enpresaren aurka aurkeztutako demanda onartu du Bilboko epaile batek, eta 2024-2026ko hitzarmenean jasotako lan-baldintzak ezarri beharko dituzte berriz. Langileek enpresari exijitu diote errepresaliak jasan dituzten kideen kontrako neurriak indargabetu ditzala.
2026eko ekainaren 10 - 07:59
Bilboko amarratzaileen aurkako murrizketak atzera bota ditu epaile batek
— ARGAZKIA Bilboko amarratzaileen protesta bat maiatzean.

Bilboko (Bizkaia) Lan Arloko Epaitegiak arrazoia eman die portuko amarratzaileei: LAB sindikatuak Amarradores Puerto de Bilbao SA enpresaren kontra jarritako demanda ontzat eman du epaile batek, eta adierazi du konpainiak martxan jarritako murrizketa-prozesua ez dagoela justifikatuta ez arrazoi ekonomikoei, ez antolaketakoei, ez ekoizpenekoei dagokienez. Horiek horrela, lehengo lan-baldintzak sartu beharko ditu indarrean patronalak, 2024-2026ko hitzarmenean jasotzen direnak alegia.

Amarradores Puerto de Bilbaok iazko urrian ekin zion Lan Baldintzen Funtsezko Aldaketa ezartzeko prozesuari, Bilboko Portuan jarduten duten 70 bat beharginen baldintzak okerragotzeko. Besteak beste, lan-txanden sistema, lanaldia, oporraldiak eta beste aldatu nahi zituen enpresak; langileek azaldu izan dutenez, urtean 2.100 orduz baino gehiagoz lan egin behar izatea inposatu nahi zuen. Horrez gain, LABek jakinarazi du "kontrol enpresariala" ere areagotu nahi zuela zuzendaritzak, eta hori guztia Portuko Agintaritzaren konplizitatearekin. Epaileak emandako sententziak, baina, "banan-banan deseraiki" ditu enpresaren argudioak, eta atzera bota ditu bere asmoak.

Lan-baldintzen okerragotzearen aurka plantillak hasitako borrokaren harira, patronalaren errepresaliak jasan dituzte beharginek: esaterako, lan sindikala egiteagatik kaleratu zuten pertsona bat, eta behin-behineko kontratua zuen langile bat ere bota zuten. Orain, berriz ere, langileek zuzendaritzari exijitu diote atzera egin dezala amarratzaileen aurka hartutako neurrietan. "Patronalari exijitzen diogu atzerapauso bat eman dezala lan-baldintzen funtsezko aldaketa inposatzen saiatu ondoren egin dituen errepresalia sindikal eta laboral guztietan eta aldebakarrez ezarritako neurrietan", jaso du LABek.

Irakurri hemen GEDAR LANGILE KAZETAk amarratzaileei egindako elkarrizketa.