AKTUALITATEA / Langile-klasearen pobretzea

'Bigarren Ekinaldia' Frantziako Estatuan (II): ehunka milaka lagunek aurre egin diete debekuei eta Poliziaren bortizkeriari

Jaka Horien mugimenduaren bigarren protesta-egunean, bizitzaren garestitzearen aurkako eta justizia sozialaren aldeko ahotsak izan dira nagusi, bortizkeria poliziala handia izan bada ere, eta zenbait milizia faxista agertu badira ere. Urriaren 31rako eta azaroaren 5erako antolatu dituzte hurrengo protesta-egunak.
2026eko urriaren 26 - 16:47
'Bigarren Ekinaldia' Frantziako Estatuan (II): ehunka milaka lagunek aurre egin diete debekuei eta Poliziaren bortizkeriari
— ARGAZKIA @TribunaLibreES (X)

AKTUALITATEA

Pasa den astean zehar, Frantziako Estatuko agintaritza nagusiek ikasle eta langile protesten aurkako neurri politikoak onartu zituzten, baita hedabideetan horiek erabat kriminalizatu ere​​​​​: horrela, manifestatzeko eskubidea eta mugitzeko nahiz adierazpen-askatasunak bertan behera utzi zituzten. Hala eta guztiz ere, oztopo guztien gainetik, ehunka milaka herritarrek Jaka Horien mugimenduak antolaturiko Bigarren Ekinaldia babestu eta estatu osoko hiri nagusiak hartu zituzten larunbatean: 800.000 lagun inguru aritu ziren protestan, bizitzaren garestitzearen eta polizia-indarkeriaren aurka, eta justizia sozialaren alde. Gainera, ikasleen aldarrikapen konkretuak eta pentsioak igotzearen aldeko garrasiak nonahi entzun ahal izan ziren.

Hori horrela, manifestazioek hiri nagusietako kaleak hartu zituzten, oro har debekatuta bazegoen ere hiriguneetako saltokien eta erakunde publikoen egoitzen inguruetan mobilizazioak egitea: besteak beste, Parisen, Marseillan eta Nizan (Proventza-Alpeak-Kosta Urdina), Bordelen (Akitania Berria), Clermont-Ferranden eta Toulousen (Okzitania), Paun (Akitania Berria) nahiz Toursen (Erdialdea-Loira) jendetza batu zen. Ardenetan eta Alsaziako hiri nagusietan ere, milaka lagunek erantzun zieten Jaka Horien deialdiei. Rodanoko prefekturak departamentu osoan manifestazioak debekatu ondoren, Lyonen eta Grenoblen (Auvernia-Rodano-Alpeak) ehunka lagun atera ziren debekuen aurka, aho batez.

 Orleansen (Erdialdea-Loira), bestela, Rassemblent National eskuin muturreko alderdiak kongresua egin zuen larunbatean bertan, eta Arrazakeriaren, faxismoaren, eta inperialismoaren aurka lelopean, 25.000 lagun inguru elkartu ziren hiri ezagunean. Bertan, bereziki, asteburuko erailketa arrazistaren aurkako ahotsak nabarmen entzun ziren. Izan ere, Trappesen (Frantziako Irla), faxista batek tiro egin zien jatorri afrikarreko eta magrebtarreko hainbat laguni; pertsona bat erail zuen, bost lagun zauritu, eta 12 urteko ume bat larri dago, ospitalean. Ipar Euskal Herrira etorrita, 5.000 lagunek Baionako (Lapurdi) kaleak hartu zituzten larunbatean.

Deialdi gehienak eguerdian izan arren, presentzia poliziala itogarria izan zen goizeko lehen ordutik, eta unitate bereziek eta kamioi blindatuek kaleak militarizatu zituzten erabat. Parisen bertan, manifestazio nagusia hasi aurretik, gutxienez 45 ikasle atzeman eta isunekin zigortu zituzten polizia-agenteek, UNEF sindikatuaren arabera. Dena dela, hainbat eta hainbat igarobide estrategiko blokeatu zituzten protestariek, eta hiri nagusietan garraio publikoa etetea lortu zuten. Arratsaldean zehar eta gaualdean, hiri askotan kargatu zuen Poliziak ikasle eta langileen aurka: Paris hiriburuan, Marseillan, Lillen (Frantzia Garaia), Nantesen (Loira Atlantikoa) eta Rennesen (Bretainia), bortizkeria handiz jardun zuten polizia-agenteek.

Laurent Nuñezen (Renassaince) Barne Ministerioaren arabera, astebete lehenago baino konfrontazio gutxiago bizi izan ziren herenegun. Alabaina, manifestarien aurkako errepresioaren datuek ez dute adierazten egun lasai bat izan zenik: gutxienez, 1.314 lagun atxilotu zituzten Frantziako Estatuan (horietako 11 Baionan), atxilo hartutakoen eskubideak urratzen ari dira, eta bi lagun zauritu dituzte larri (biek ala biek eskuko zenbait hatz edo mugikortasuna galdu dituzte). Gainera, litekeena da datozen egunotan zenbakiok eguneratu eta igotzea, eta zauritutakoen kopurua amaiezina da: hala nola, bolo-bolo dabiltza sare sozialetan Bordeleko polizia-agenteen kargak, indarrez eta gas negar-eragilez leporaino beteriko Burtsaren Plaza hustu baitzuten han. Beste leku batzuetan ez bezala, Administrazio Auzitegiak ez zuen hiri horretako alde zaharrean elkartzeko debekuaren aurka egin.

Horrez guztiaz gain, zenbait hiritan milizia faxistak agertu ziren, eta manifestariak joz aritu ziren; esaterako, Toulousen, Montpellierren (Okzitania) eta Rouenen (Normandia). Lekukoek salatu duten bezala, lasai askoan aritu ziren, Poliziak haien kabuz aritzea baimendu baitzien faxistei. Are, Nizan eskuin muturreko ehun lagun inguruk manifestazioa egin zuten, eta hiri horretan Poliziak eta faxistek elkarlanean jardun zutela ageri duten irudiak zabaldu dira azken orduotan. Baionan ere talde faxista txiki bat protestariak jazartzen ahalegindu zen, baina ez zuten lortu.

Urriak 31 eta azaroak 5, hurrengo protesta-egunak

Hilabete luze da, irailaren 21ean, Créteilgo (Frantziako Irla) Saint-Exupéry institutuko ikasleek eta langileek ikastetxea blokeatu zutenetik. Ordu hartan, giza-baliabideen falta, azpiegitura zaharkituak, ordutegi kargatuak eta Parcoursup plataforma gaitzetsi zituzten. Harrezkeroztik, hezkuntza-sistemaren hutsuneak seinalatzeko, ikas- eta lan-baldintza hobeak lortzeko,eta indarkeria polizialaren aurkako mobilizazioak ugaritu dira Frantziako Estatuan barrena, protestek ehunka milaka parte-hartzaile elkartzeraino. Mobilizazio-olatua ez da oraindik amaitu, ordea, eta dagoeneko hurrengo protesta-egunak iragarri dituzte ikasleen eta langileen ordezkariek, baita Jaka Horien mugimenduak ere: urriaren 31 (datorren larunbata), eta azaroaren 5eko greba handia dira horiek.

Lehenengoari dagokionez, Parisko Jaka Horien mugimenduak beste hainbat deialdi iragarri ditu dagoeneko, "askatasun publikoak" defendatzeko. Azaroaren 5ean, bestela, lanbide arteko greba handi bat espero da. Haatik, greba-deialdi horren izaera ez dago erabat argi oraindik. Izan ere, hilaren 22an, Sébastien Lecornu (Renassaince) Frantziako Estatuko gobernuko lehen ministroa estatuko sindikatu nagusien ordezkariekin bildu zen Matignonen, gobernuaren egoitza nagusian, hain zuzen. Zalantza gabe, duela bi asteburuko mobilizazio-olatuak bilera deitzera behartu zuen politikaria: 550.000 eta 800.000 lagun inguruk, herrialde osoko hiri nagusi gehienetako kaleak hartu zituzten bizitzaren garestitzearen eta indarkeria polizialaren aurka. Hala, bilera horren helburua izan zen urriaren 17ko mobilizazioak "ez errepikatzea", egun hartako eskakizunak "jasotzea", eta datorren azaroaren 5eko greba-egunaren nondik norakoak "aurreikustea". Alabaina, bertara ez zuten gonbidatu protestetako bi eragile nagusiren ordezkaririk: alegia, bertan ez zen egon ez ikasleen ez Jaka Horien ordezkaririk.

Bileratik irten berritan, haserre mintzo zen Sophie Binet CGTko idazkari nagusia: buru sindikalistak dei egin zuen protesten "maila igotzera". Izan ere, salatu zuen Lecornuk entzungor egin ziela sindikatuak aurkeztutako aldarrikapenei, eta ez zuela elkarrizketarako borondaterik adierazi. Are, bilera horretan zehar, Bineten arabera, lehen ministroak ez zuen inolako neurririk iragarri, egoera baretzeko bada ere. Gauzak horrela, esan zuen "greba izan behar dela hurrengo mobilizazioa"; eta, gerora, greba orokorrerako deia zabaldu dute CGTren ingurutik.

Dena dela, agintari politikoen debekuak heldu ahala, pasa den astean zehar ikasle-sindikatuek egun batetik bestera antolatu zituzten protesta-ekintzak eta mobilizazioak. Hori dela eta, litekeena da sindikatuek deialdi berriak antolatzea beste egunen baterako, asteburuko mobilizazioek eragingo dituzten erreakzio politikoen arabera.