AKTUALITATEA / Errepresioa
Bi urte eta erdirainoko zigorrak sei lagunentzat, Curiako gertakariengatik
Sanferminetako prozesioko gertakariak izan eta lau urtera ezarri diete kondena, jaietako hainbat ekimenetara joateko debekua barne. 27.000 euroko kalte-ordainak jaso ditu udaltzainetako batek.
2026eko ekainaren 2 - 10:44
Bi urte eta erdirainoko zigorrak sei lagunentzat, Curiako gertakariengatik
— ARGAZKIA EITB

Urtebete eta bi urte eta erdi arteko kartzela-zigorrak jarri dizkiete Iruñeko (Nafarroa) Curia kaleko gertakarien harira epaitutako sei pertsonei: urtebetekoa bati, bi urtekoa hiruri, eta bi urte eta bost hilabetekoa gainerako hirurei. Diario de Navarra-ren arabera, ez dute espetxera joan beharko, baina sanferminetako hainbat ekimenetara bertaratzea debekatu diete, prozesiora kasu.

2022ko uztailaren 7an gertatutakoagatik auzipetu zituzten. Sanferminetako prozesioa izan zen Iruñeko erdigunean, hainbat ordezkari politikoren parte-hartzearekin (tartean Enrique Maya alkatea) eta polizia ugarik zainduta. Ohi bezala, herritarrek politikariei euren kexak helarazteko momentu bilakatu zen prozesioa, baina istiluak sortu zituzten kontrol-lanetan ari ziren poliziek, eta konfrontazioak izan ziren Alde Zaharreko Curia kalean. Horren ondorioz, jende ugari auzipetu zuten (polizia-agente bat bera ere ez): 12.000 euroko isun bana jarri zieten hamar laguni gertakari horiengatik, eta orain, beste sei pertsona kondenatu dituzte. UPNk ebazpena txalotu du.

Aipatutako komunikabideak jaso duenez, "arrazoi ideologikoei" lotutako larrigarria aplikatu dute azkenengo sei auziperatuen kasuan. Kontrara, "erreparazioa" gauzatu izanaren aringarria ere ezarri diete, kalte-ordainak ordaindu baitituzte jada: istiluetan egon zen udaltzainetako baten kasuan, 27.000 euroko kalte-ordainak jaso ditu, ustez, sudurra hautsi omen ziotelako. Hasieran, fiskaltzak sei eta zortzi urte arteko zigor ikaragarriak eskatzen zituen auzipetutako seientzat.