AKTUALITATEA / Soldata sistema
Beste langile bat hil da soldatapean, oraingoan, Azpeitian
Kamioi bat deskargatzen ari zela, metalezko hodi batzuk erori dira ibilgailutik, eta azpian hartu dute behargina. Aurten soldatapean bizia galdu duen bederatzigarren langilea da Euskal Herrian.
2021ko martxoaren 5
Beste langile bat hil da soldatapean, oraingoan, Azpeitian

Gaurkoan beste langile bat hil da lan-istripuz Euskal Herrian, kasu honetan, Azpeitian (Gipuzkoa). Amue kalean kamioi bat deskargatzen ari zela, metalezko hodi batzuk jausi dira ibilgailutik, eta azpian hartu dute langilea. 15:15 aldera izan da, ta larrialdi-zerbitzuak bertaratu diren arren, bertan zendu da behargina.

Urtea hasi zenetik, gutxienez bederatzi langilek galdu dute bizia soldatapean lanean ari zirela. Soraurenen (Nafarroa) izan zen azkeneko hilketa: plastikoak birrintzeko makina batek harrapatu zuen behargin bat.

Bederatzi heriotza horietaz gain, urtarrilean hil zen Mungiako (Bizkaia) Brunnschweiler enpresarentzat jarduten zuen langile ohi bat. Lanean amiantoa arnastu zuen hamazazpi urtez.