AKTUALITATEA / Errepresioa
Berdegune bat defendatu izanagatik, 10.000 eurorainoko isunak Berangoko hamazazpi laguni
Lantzarte Bizirik bizilagun-elkarteak elkarretaratzea egin zuen ostegunean. Elkartearen arabera, egitasmoa HAPOaren aurkakoa da, eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu dute.
2026eko ekainaren 9 - 09:18
Berdegune bat defendatu izanagatik, 10.000 eurorainoko isunak Berangoko hamazazpi laguni
— ARGAZKIA Lantzarte Bizirik

Joan den ostegunean, Berangoko (Bizkaia) Lantzarte Bizirik bizilagun-elkarteak elkarretaratzea egin zuen, hamazazpi bizilaguni 600 euro inguruko isunak ezarri dizkietelako. Zigorrak udalak berak (EAJ) ezarri du, eta arrazoia zera da: udalak auzoko berdegune batean eraiki duen aparkaleku-egistasmoaren aurka egin izana. Hala, elkarteak aurre egin behar die 10.000 euro baino gehiagoko isunei.

Gertakariak iazko udan jazo ziren. Abuztuaren 4an, berdegunea aparkaleku bilakatzeko lanei ekin zien Viconsa enpresak, udalaren aginduz; eta zuhaitzak botatzen hasi ziren. Hori ikusita, hogei bizilagun inguru zelaira sartu eta protesta-ekintzan lanak etetea lortu zuten. Udaltzainek, orduan, Lantzarte Bizirik elkarteko kideak identifikatu zituzten, eta salaketa jarri zuten, bide administratibotik. Isunak jaso dituzten hamazazpi lagunek, den-denek, isunen aurkako errekutsoa aurkeztu dute, ordea. Izan ere, elkartearen arabera, egitasmoa Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aurkakoa da.

Hilabeteotan, auzoaren "ondare komuna" eta natura defendatzeko, beste hainbat ekimen egin dituzte bizilagunek. Esaterako, Berangoko Udalaren osoko bilkurara agertu ziren eta udal-taldeko politikariei ardurak galdegin zizkieten. Horretaz gain, mobilizazioak antolatu dituzte auzoan, eta Poliziaren eta politikarien jazarpena salatu dute: "Neurrigabeko isunokin hertsatu nahi gaituzte".

Lantzarteko berdeguneak 2.500 metro karratu zituen, eta auzoko arnasgune nagusia zen. Egitasmoaren legezko bideragarritasuna zalantzan jarrita, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri du Lantzarte Bizirik elkarteak, Bilboko (Bizkaia) epaitegian.