Ekainaren 8an hasi zen Berangoko (Bizkaia) ongietorriagatik auzipetutako hamasei lagunen aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta gaur izaten ari da judizioaren bigarren eta azken saioa. Defentsak proposatutako lekuko batekin hasi da saio hau, eta auzipetuak deitu dituzte gero epaimahaiaren aurrera. Amaieran xehatutako ondorioetan, Fiskaltzak mantendu egin du jomugan jarritako hamasei pertsonak kondenatzeko eskaera, eta berdin egin dute akusazioek; Dignidad y Justiciak, Vox alderdiak eta Villacisneros Fundazioak.
Zigor Kodeko 578.1 artikulua argudiotzat hartuta, auzipetutako hamasei pertsonak "terrorismoari gorazarre egiteaz" akusatu ditu Fiskaltzak. Bat eta hiru urte arteko espetxe-zigorrak aurreikusten dituzte delitu horregatik, eta Berangokoen kasuan, guztientzat bi urteko kartzela-zigorrak galdegin ditu Ministerio Fiskalak. Gainera, "berrerortzea" ("reincidencia") dagoela irizten den kasuetan, zigorrak are handiagoak izan beharko luketela esan du, baina zehaztasunik egin gabe. Epaiaren zain gelditu dira.
Epaiketaren lehen egunean, garrantzia berezia hartu zuen Guardia Zibilak bere txosten polizialak blindatzeko aipatutako "kolaboratzaile" ezezagun baten auziak. Akusazioen oinarrian, froga nagusietako bat dira informatzaile sekretu batek egindako ustezko grabazioak, ekitaldian entzun ziren diskurtsoak jasotzen omen dituena, baina gaur-gaurkoz ez da grabaziorik edo jatorrizko transkripziorik erakutsi prozesu judizialean. Gai horren inguruan, Fiskaltzak gaur esan du informazio-iturria sekretupean mantentzeko asmoz gorde direla grabazioak edo bestelako euskarriak. Defentsak, ordea, zalantzan jarri du grabazio horiek egon badaudenik; eta, egotekotan, abokatuetako batek aditzera eman du legez kontra eskuratutakoak izango liratekeela agian, grabazioak lortzeko moduaren arabera. Akusazioetako batek, Villacisneros Fundaziokoak hain justu, polizia-agenteei eman beharreko "egiazkotasun-presuntzioa" nabarmendu du bere azken ondorioetan.
Eskubide zibil eta politikoen defentsan
Defentsak proposatuta hitz egin duen testigu bakarrak ireki du gaurko saioa, akusatutako pertsonetako bati buruz txosten polizialetan ageri den informazioa gezurtatzeko: "Gora ETA militarra" oihukatu izana egozten diote, baina lekukoak azaldu du hori ez dela egia. Horren ondoren eman diete hitza auzipetuei, eta gehienek ez deklaratzea erabaki badute ere, azalpenak eman dituzte zenbaitek.
Epaimahaiaren aurrean hitz egin duenetako bat izan da Hegoi Uriarte, eta ukatu egin du 2022ko martxoaren 13an "terrorismoari gorazarre egin" izanaren akusazioa: "Uste dut ez ekitaldi horrek ez epaiketa honek ez dutela zerikusirik gorazarrearekin". Sendoa Aratz Jurado auzipetuak ere hitza hartzea hautatu du, eta esan du ez dela egia ongietorrian hitz egin zuenik. "Baina egin nezakeen, izan ere, hor geunden gure eskubide zibilak eta politikoak baliatuz; adierazpen-askatasunerako eskubidea, iritzi-eskubidea, biltzeko eskubidea eta parte-hartze politiko efektiboko eskubidea", gaineratu du.