Eskubide zibil eta politikoen defentsan, amnistia aldarritzat hartuta, 3.000 pertsona inguru mobilizatu ziren larunbatean Algorta (Bizkaia) eta Berango (Bizkaia) artean, Ibai Aginaga preso politikoaren 2022ko ongietorriaren harira epaituko dituzten hamasei lagunei babesa emateko. Izan ere, ekainaren 8tik 26ra bitartean izango da epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta zigor altuak eskatzen dituzte auzipetuentzat, "terrorismoari gorazarre" egitea leporatuta batik bat: 36 urtetik gorako espetxe-zigorrak, 171 urteko inhabilitazioak eta 75.900 euroko isunak galdegiten dituzte haientzat.
Algortako Telletxe plazatik abiatu zen larunbat arratsaldeko mobilizazioa, eta Berangoraino luzatu zen. Bertan, Mikel San Sebastian preso politikoak kartzelatik helarazitako bertsoak entzun zituzten, eta auzipetutako kideetatik bik hartu zuten hitza gero. "Ongietorri askeak" aldarrikatu zituzten, eta "epaitegi faxista batek ezarriko duen epaiaz" harago, "herriaren erantzun politikoak" jada bere "sententzia argia" eman duela nabarmendu zuten: "Hemen herri aske baten aldeko grina dagoela". "Egindakoa berretsi" zuten auzipetuek, eta adierazi zuten ez direla ez "damutu" ez "makurtuko"; "ez daukagu inolako eskubiderik herri honen askatasunaren alde arituko diren hurrengo belaunaldiak kriminalizatuko dituen hitzarmenik sinatzeko".

Mobilizazioaren bukaeran egindako adierazpenetan, auzipetuek eskerrak eman zizkieten urte hauetan babesa eman dieten pertsonei, bereziki, "manifestazio hau bultzatuz babestu gaituzten Saioa Sanchez, Jon Kepa Preciado, Garikoitz Etxeberria, Mikel San Sebastian, Jesus Mari Etxeberria Goierri eta Patxi Ruizi".Frantziako eta Espainiako estatuen "estrategia errepresioaren barruan" kokatu zuten Berangokoen kontrako auzi judiziala, "bai eta nazio zein klase mailan izaten diren beste hainbat errepresio kasu" ere; "eta asimilazio-prozesuaren baitan izaten den zapalkuntzaren normalizazio arrisku horren aurrean, gaurkoan, 2022ko martxoaren 13an bezala, behin eta berriz altxatuko den Herriak bizirik dirauela erakutsi duzue".
Euren kontrako auzia "eskubide zibil eta politikoen aurkako eraso argia" dela ohartarazi zuten; "militantzia, antolakuntza, adierazpen-askatasun eta mobilizazio-eskubidearen kontrako erasoa, alegia". Horren aurka, mezu argi bat eman zuten Berangokoek: "Gure militantzia eta konpromiso politikoagatik, ezin gara etsaiaren aurrean makurtu. Epaiketa hau Euskal Herriaren askatasunaren aldeko bozgorailu bezala erabiliko dugu".
Irakurri hemen GEDAR LANGILE KAZETAk Berangoko auzipetuei egindako elkarrizketa.
