AKTUALITATEA / Itaia
Baskoniako jokalari Rodions Kurucsen adierazpen matxistak salatu dituzte Gasteizko hainbat taldek
Bikotekidea itotzen saiatzeagatik atxilotu zuten Kurucs 2019an, eta indarkeria matxista gutxiesten duten mezu batzuk argitaratu ditu berriki. "Ezin da onartu figura publiko batek emakumeon aurkako diskurtsoa zabaltzea", seinalatu dute Gasteizko Itaia, Amarauna, Indar Baskonia, Ecagas, CB Siberia Gasteiz, Jotake, Elemento Sport Lakua eta Urgatziko senior mutilen taldeak. Neurriak har ditzala exijitu diote Baskonia klubari.
2026eko ekainaren 1 - 06:45
Baskoniako jokalari Rodions Kurucsen adierazpen matxistak salatu dituzte Gasteizko hainbat taldek

"Hutsalak, dibertigarriak eta faltsuak diren akusazioak hor dira oraindik, hitz egin behar duzun hurrengoan pentsa ezazu bi aldeei buruz". Rodions Kurucsek, Baskonia saskibaloi-taldeko jokalari batek, hala erantzun zion X sare sozialean "salaketa faltsuen" diskurtso matxista ez elikatzeko eskaera bati. Izan ere, Kurucsek X-n zabaldu zuen ustezko "salaketa faltsu" bati buruzko albistea, bere kasu propioari lotuz.

"Sare sozialetan eta irratian bere kasuaren inguruan mintzatu da", gogorarazi zuten Gasteizko hainbat eragilek eta taldek larunbatean egindako agerraldian: "2019an bikotekidea itotzen saiatzeagatik eta erasotzeagatik atxilotu zuten. Testuinguru horretan, gizon asko bidegabe erruduntzat jotzen direla adierazi du. Gainera, gai honen inguruan gizonek hitz egin ezin dutela esan du. [...] Abusua 'bi norabideko' fenomeno gisa aurkeztu du, gizonek emakumeen aurka zein emakumeek gizonen aurka egiten dutela adieraziz".

Larunbatean Gasteizko Itaia, Amarauna Basket Fem, Indar Baskonia, Ecagas, CB Siberia Gasteiz, Jotake, Elemento Sport Lakua eta Urgatzi senior mutilen taldeak egin zuten agerraldia elkarrekin. Rodionsen adierazpen matxista publikoak gaitzetsi zituzten, eta seinalatu zuten "salaketa faltsuen inguruan zabaltzen den diskurtsoa ez datorrela bat errealitatearekin". "Salaketa faltsuak salbuespen hutsak dira: datuen arabera, %0,01era ere ez dira iristen. Diskurtso horiek, ordea, emakume askoren testigantza eta bizi duten indarkeria sistematikoki zalantzan jartzeko erabiltzen dira, eta benetako arazoa lausotzen dute", esan zuten.

Indarkeria matxistaren existentzia ukatzea eta ondorioak

Prentsaurrekoan batu ziren taldeek onartezintzat jo zuten "figura publiko batek emakumeon aurkako diskurtsoa zabaltzea", Kurucsen kasuan bezala. "Diskurtso erreakzionarioak gero eta normalizatuagoak daude gizartean. Gezurra da gai honi buruz hitz egin ezin dela: komunikabideetan, sare sozialetan eta espazio publikoan etengabe zabaltzen dira matxismoaren existentzia bera ukatzen duten mezuak, jokalariak egin bezala", azaldu zuten: "Kurucs, gainera, milaka gazterengan eragina izan dezakeen figura publikoa da. [...] Bere hitzek erantzukizun berezia dute".

Horrekin batera, ohartarazpen irmo bat egin zuten aipatutako eragileek: "Indarkeria matxista ezin da ukatu". Gogorarazi zuten, aurten bakarrik, lau erailketa matxista izan direla jada Euskal Herrian. "Emakumeon aurkako indarkeria zalantzan jartzeak ondorio politiko eta sozial oso larriak ditu: erasotzaileen inpunitatea indartzen du eta emakumeon aurkako indarkeria betikotzen du".

Posizionatzeko eskaera klubari

Kurucsen inpunitatea aurrez ere salatu du Itaiak, hainbat zalek txalo artean hartu baitzuten joan den martxoan. Orain sare sozialetan adierazpen matxistak egin dituela, Baskonia klubari "dagozkion neurriak" har ditzala eta "diskurtso matxisten aurka posiziona" dadila exijitu diote hainbat eragilek. "Irmo berresten dugu kantxan zein kantxatik kanpo indarkeria matxistaren aurkako borrokarekiko dugun konpromisoa", aldarrikatu zuten.