Auzitegiek ez dute gehiago ikertuko 2024ko martxoan Barakaldon (Bizkaia) izandako tiroketa, nahiz eta udaltzaingoak etxerik gabeko bi pertsona zauritu zituen tiroz, haietako bat larriki. El Correo-ren arabera, epaileak erabaki du auzia artxibatzea, argudiatuta desagerturik daudela gertakariekin loturiko bi pertsona eta ezin dela kasua "bereizirik" landu. Aitzakia horrekin, alde batera utzi du prozesua.
Urte honen hasieran jakinarazi zuten hainbat hedabidek auzipetuta zegoela udaltzain bat, tiroketa hori zela-eta, eta Barakaldoko 4. Instrukzio Epaitegiaren esku zegoela ikerketa. Gertakarietan Barakaldoko Udalaren "erantzukizun zibil subsidiarioa" ere egon zitekeela eman omen zuen ulertzera epaitegiak. Badirudi, dena den, kausa bere horretan geldituko dela azkenean, erantzukizunik hartu gabe beste behin ere eta inpunitate polizialaren beste adibide bat utziz.
2024ko martxoaren 21ean izan zen tiroketa. Lutxanako tunel batean babes hartuta zeuden etxerik gabeko hainbat pertsona, eta haiek botatzeko asmoz hurbildu zitzaien udaltzaingoa. Desalojoan, tunelean zeuden pertsonen aurka tiro egin zuen udaltzainetako batek, haietako bi zaurituz.