Bada Garaia lelotzat hartuta, Mugimendu Sozialistak jaiguneetan parte hartzeko duen eskubidea aldarrikatzeko ekimen bat jarri dute martxan Euskal Herriko hainbat kulturgilek eta artistak. Sare sozialetan eman zuten kanpainaren berri lehenengo, eta gaurkoan, agerraldi bat egin dute Bizkaiko hiriburuan: salatu dute Bilboko eta Gasteizko txosnetan oraindik ere debekatu egiten dietela Mugimendu Sozialistako antolakundeei normaltasunez parte hartzea. Gasteizen sei urte dira jada Txosna Batzordeak txosna jartzeko aukera ukatzen diela Gazte Koordinadora Sozialistari (GKS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistari, eta Bilbon duela hiru urte debekatu zioten parte-hartzea Luberri Konpartsari.
Gaurkoan J Martina taldeko Javier Jorajuriak seinalatu duenez, "jai herrikoien parte izateak herri-erakunde guztien eskubidea izan behar luke", eta horregatik diote ulertezina dela Bilboko eta Gasteizko egoera eta beharrezkoa dela irtenbide bat: "Nork bere izaera eta aldarriekin, jaiak gozatzeko eta ospatzeko lekua izan behar luke, berdintasunean et diskriminaziorik gabe". Azaldu du horrexegatik batu direla hainbeste kulturgile Bada Garaia kanpainara, "gu ere jaien parte garelako eta kezkaz bizi dugulako Bilboko Konpartsetan eta Gasteizko Txosna Batzordean [Mugimendu Sozialistako] eragile hauei ezartzen zaien debekua".
Duela bi urte, 150 kulturgilek sinatu zuten manifestu bat, Mugimendu Sozialistari Bilbon eta Gasteizen ezarritako beto politikoa gaitzesteko. Bada, gaur egun ere debeku horri eusten diote Ezker Abertzaleak, bere inguruko kolektiboek eta beste zenbait taldek, eta horrexegatik abiatu dute Bada Garaia dinamika aurtengoan. Horri lotuta, betoaren kontrako abesti bat egin dute Maixak, Malakiasek, Miruak eta Kilikik, eta bideoklipean parte hartu dute belaunaldi desberdinetako hainbat kulturgilek; besteak beste Anje Duhaldek, Josu Zabalak, Bernardo Atxagak, Garik, Roberto Mosok, Neomak taldeak, Antton Telleriak, Beñat Herdoilek, Euskoprincessek eta Borlak:
"Kantuari ahotsa guk jarri badiogu ere, denontzako jai herrikoien aldeko ekimen honekin bat egin duten dozenaka artistaren indarra eta babesa dago haren atzean", esan dute parte-hartzaileek: "Espero dugu udako jaietan kantua txosnaguneetan ozen entzutea, beto zentzugabe honi irtenbide bat ematea eskatzen dugun guztion oihu bezala". Maixak gaineratu duenez, "egunerokoan injustizien kontra lanean ari diren kolektibo herritar guztiek lekua izan behar dute jaietan, baita Luberrik, GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak ere". Ekainaren 4an jaialdi bat egingo dute Bilboko Kafe Antzokian, duela bi urte kulturgileen manifestua aurkeztu zuten toki berean: betoa salatzeko kanta bertan abestuko dute lehenengo aldiz, eta aldarriarekin bat egiten duten kulturgile guztien zerrenda ezagutaraziko dute.
