AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Luberri Konpartsak aurtengo Aste Nagusirako antolatutako bazkaria.
2023/12/12 09:40

Euskal Herrian jaiak joan eta jaiak etorri, badirudi zenbaitetan beti topatzen dutela aitzakiaren bat Mugimendu Sozialistari parte-hartzea debekatzeko. Oraingoan, Bilbotik (Bizkaia) datoz debeku-berriak: Ezker Abertzaleak bultzatuta, Bilboko Konpartsen Koordinakundeak beto politikoa jarri dio Luberri Konpartsari, Mugimendu Sozialistarekin duen harremana dela-eta. "Debeku honen arrazoia Mugimendu Sozialistak Luberrin duen parte-hartze aktiboa da, eta erabakia, beraz, Mugimendu Sozialista Bilboko jai herrikoietatik kanporatzeko saiakera", salatu du konpartsak.

Iaz sortu zuten Luberri Konpartsa Bilbon. Beste hamaika konpartsak urte luzez egin duten bezala, Bilboko Konpartsen Federakundean sartzeko eskaera formala egin zuen Luberrik urte honen hasieran. "Jai Batzorde motorrean eta konpartsa guztien koordinadoran lehenengo aurkezpena egin ostean, konpartsetako asanbladetara iritsi zen proposamena", azaldu dute Luberriko kideek: "Nabarmentzekoak dira, hasieratik, Sortu-EH Bilduko militanteek gure aurka zabaldu dituzten gezurrak eta eragin duten mesfidantza, konpartsen barne-erabakiak baldintzatzeko".

Sortu-EH Bilduko kideek zabaldutako gezurren artean daude, besteak beste, Luberriren asmoa dela "Bilboko Konpartsak apurtzea", konpartsako kideak "erasokorrak" direla, edota "herri mugimenduen aurka" egiten dutela. "Ordutik, behin baino gehiagotan saiatu garen arren, ez digute utzi akusazio horiei erantzuteko konpartsen koordinadoraren bilera batera ere joaten", jakinarazi du betoa jasan duen konpartsa berriak.

Egoera azken Aste Nagusiaren aurretik

Konpartsetan Luberriren parte-hartzeari buruz eztabaidatu ostean, joan den maiatzean, konpartsen koordinadorara eraman zuten eztabaida. "Gehiengoak gure sarreraren aldeko iritzia adierazi zuen", argitu du Luberrik. Horretaz jakitun, baina, "eztabaida blokeatzen" saiatu zen Ezker Abertzalea, Luberriri buruzko erabakia, "gehiengoz hartu ordez, kontsentsuz hartu behar zela argudiatuta".

Modu horretan "erabakia atzeratu egin zuten", eta, bitartean, adostu zen Konpartsen Federakundeak "elkarlan-harreman" bati ekitea Luberrirekin, bere sarrerari buruzko "zalantzak argitzeko helburuz". "Ordutik, Bilboko Konpartsen egitarauetan parte hartu, txandak egin eta hainbat konpartsarekin harremana estutu dugu, eskatu diguten guztia betez", gogorarazi du Luberrik.

Azken mugimenduak azaroan

Horren ostean, joan den azaroaren 26an, berriz eztabaidatu zuten Luberriren parte-hartzeari buruz Bilboko Konpartsen Batzar Nagusian. Horren aurreko asteetan, Ezker Abertzaleak Luberriren eta Mugimendu Sozialistaren aurkako "difamazio kanpaina indartu" du, salatu dutenez. Konpartsen botoak aldatzeko asmoz, Luberri sartzearen alde zeuden eta dauden konpartsei presioa egin die Ezker Abertzaleak.

Modu horretan, difamazioaren eta presioaren bidez, "debekuaren aldeko posizioa ezartzea" lortu du Ezker Abertzaleak. Azaroaren 26ko batzarrean, Luberriri debekua jartzearen aldeko jarrera nagusitu zen.

Mugimendu Sozialista jopuntuan berriz, eta akusazio faltsuak

Bilboko Konpartsek jarritako beto politikoa dela-eta, argi hitz egin du Luberrik: "Betoa ezarri diote Luberri Konpartsari, Mugimendu Sozialistarekin duen harremanarengatik". Ohartarazi du Bilboko Konpartsen estatutu guztiak betetzen dituela Luberrik, eta azken erabakia hartzeko abiapuntua ez dela izan maiatzean hasitako "elkarlan-harremana"; ustez, Luberriren parte-hartzeari buruzko erabakia hartu ahal izateko abiatu zena. "Erabakiaren egiazko arrazoia, Euskal Herriko beste hainbat lekutan bezala, Sortu-EH Bilduk Mugimendu Sozialista espazio zabaletatik kanporatzeko darabilen estrategia da", seinalatu dute Luberriko kideek.

Nabarmendu dute, kasu honetan ere, gezurrak erabili dituztela parte-hartzea debekatzeko. Nagusiki, bi akusazio faltsu erabili ditu Ezker Abertzaleak Luberriren eta Mugimendu Sozialistaren kontra: "feminismoaren aurka egitea eta emakumeon zapalkuntza gutxiestea" batetik, eta "gainontzeko herri mugimenduekiko erasokorrak" izatea, bestetik.

Aurreneko akusazioari dagokionez, zorrotz hitz egin du Luberrik: "Errespetu falta ikaragarria da emakume langileon askapenaren alde lanean dihardugun ehunka emakumeontzat. Feminismo hegemonikoaren planteamendutik aparteko proposamen politikoa dugu, baina horrek ez du zerikusirik emakumeon zapalkuntza gutxiestearekin. Kontrara, Mugimendu Sozialista egunero ari da lanean indarkeria matxistaren aurka eta emakumeon zein kolektibo zapaldu ororen emantzipazioaren alde".

Bigarren akusazioari ere erantzun diote Luberriko kideek: "Baieztapen hori faltsua da, normaltasun osoz ari baikara lanean hainbat auzotako jai batzordeetan, gazte asanbladetan eta gaztetxeetan, plataformetan, eta abar". Oroitarazi dute, are gehiago, Bilboko hainbat konpartsarekin eta Federakundearekin berarekin aritu direla elkarlanean azken hilabeteetan. "Ezker Abertzalearentzat erasokorrak izatea euren jardunarekin kritikoak izatea da, eta horrela, beraien inguruan dauden ikuspegi kritikoak isilarazten dituzte", gaineratu du Luberrik.

Konpartsen oinarriak, urratuta

Debekatua izan den konpartsak mahaira atera du, gainera, beto politikoak Bilboko Konpartsen "printzipioak urratzen" dituela. "Konpartsen bereizgarri izan da hasieratik aniztasun politikoa. Oinarri baztertzaileak (klasistak, matxistak, faxistak, arrazistak, LGTBfoboak...) dituzten eragileak alboratuta, kolektibo sozial eta politiko desberdinen arteko espazioa izan dira urte luzez Bilboko Konpartsak, eta bere ekimenik garrantzitsuena, Aste Nagusia", azaldu du Luberrik: "Erabaki horrekin [Luberriri parte-hartzea ukatzea], aldiz, pluraltasunaren oinarria apurtu egin dute, eta Sortu-EH Bilduren hegemonia auzitan jartzen duen eragile oro Bilboko Konpartsetatik kanpo uzteko bidea zabaldu dute".

Parte hartzeko eskubidea aldarrikatuta, deia Bilboko Konpartsei

"Gure ustez, ideologia erreakzionariorik ez duten eragile politiko eta sozial guztiek eskubidea izan behar dute, baldintza berdinetan, jai herrikoien antolaketan parte hartzeko, espazio publikoa erabiltzeko eta txosnak jartzeko", aldarrikatu dute Luberriko kideek. Erantsi dute, "inolako laguntza instituzionalik eta mediatikorik ez duten eragileen kasuan", are beharrezkoagoak direla jai-eremuak, "aldarrikapenak zabaltzeko eta eguneroko jarduna autofinantzatzeko".

Dei bat egin diote, beraz, Bilboko Konpartsen Federakundeari, hartutako "erabakia birpentsatu dezan". "Guk elkarlanerako prest jarraitzen dugu. Baina debekuak dirauen bitartean, jaietan gainontzeko konpartsen baldintza berdinetan parte hartzeko eskubidea defendatuko dugu", adierazi dute: "Ezker Abertzalea injustizia honen aurkako erantzuna kriminalizatzen eta konpartsen aurkako erasotzat aurkezten saiatuko den arren, ez dugu salaketa ez den beste biderik".

Luberrik, bestalde, eskerrak eman dizkie "hilabete hauetan zehar Luberriren debekuaren kontra" lan egin duten konpartsa eta pertsona guztiei. "Hemendik aurrera ere, beto politiko hau altxatzen laguntzeko lanean jarraitzera bultzatzen zaituztegu: Bilboko Konpartsen eta Aste Nagusiaren aniztasuna eta izaera parte-hartzailea daude jokoan", esan du.

EZ DAGO IRUZKINIK