AKTUALITATEA / Olatu erreakzionarioa
Azken "operazio arrazista eta mediatikoa" salatu dute Gasteizen
URSSA eta EGA fabriketako interbentzio polizialak "bertan bizi diren 100 pertsona baino gehiagoren oinarrizko eskubideak eta erregularizazio-prozesua arriskuan jarri ditu", Gasteiz Antirrazistak salatu duenez.
2026eko maiatzaren 29 - 07:08
Azken "operazio arrazista eta mediatikoa" salatu dute Gasteizen
— ARGAZKIA Hala Bedi

Atzo arratsaldean, 19:30ean, arrazakeriaren aurkako mobilizazio bat izan zen Gasteizko Plaza Berrian. URSSA eta EGA fabriketan bizi diren pertsonekin elkartasunez mobilizatu ziren, azken asteetako seinalamendu mediatikoaren ostean, Poliziak joan den asteazkenean egin baitzuen operazio erraldoi bat bi eraikinetan. Ia 120 pertsona identifikatu eta kanporatu zituzten URSSAtik eta EGAtik, eta dokumentazio pertsonala kendu zieten zenbaiti.

"Stop arrazakeria! Elkartasuna URSSA eta EGAko pertsonekin", zioen atzoko kontzentrazioan atera zuten pankartak. Gasteiz Antirrazista plataformak egin zuen deialdia, eta asteazkeneko "operazio arrazista eta mediatikoa" gaitzetsi zuen komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan. "Eraso honek bertan bizi diren 100 pertsona baino gehiagoren oinarrizko eskubideak eta erregularizazio-prozesua arriskuan jarri ditu, zerbitzu sozialei sarbidea ukatuz", azaldu zuen. Hainbaten kasuan, deportatuak izateko arriskua gehitu zaie miaketa polizialaren ondoren.

Plataformak kritikatu zuen polizia-indarrek eta komunikabideek elkarren eskutik gauzatu zutela operazioa, diskurtso arrazistak indartuz: interbentzio poliziala indarrean zegoen momentuan gizarte-zerbitzuei ez zieten sartzen utzi, baina bai hedabide jakin batzuetako kazetariei. Udala ere seinalatu zuen erantzule modura Gasteiz Antirrazistak, abandonatutako fabriketan bizi diren pertsonen "bizitzak duintzeko saiakerarik ez egitea" eta "miseriara kondenatzea" leporatu baitzion, Hala Bedi-k jaso duenez.